Ikurrinaren aldeko bi mozio zeuden atzoko plenoaren gai zerrendan eta biak onartu zituzten Pasaian. Lehena, Bai Euskal Herriari aurkeztutakoa eta Bilduk bere egindakoa, eta EAJrena bigarrena. Biak atera ziren aurrera, Bai Euskal Herriari taldearena Bilduren aldeko 8 botorekin, PPren eta PSOE-EEren kontrako 4 botorekin (Bixen Itsaso ez zen izan atzoko plenoan) eta EAJren eta Pasaiako ezkerra-IUren 4 abstentzioarekin; EAJren mozioak Bilduren babesa lortu zuen eta honenbestez, aldeko 11 boto jaso zituen (EAJrenak gehi Bildurenak), kontrako 4 (PP eta PSOE-EErenak), eta abstentzio bat, Pasaiako Ezkerra-IUrena.
Jakina denez, Euskal Herriko Auzitegi Gorenaren aginduz udalak Espainiako bandera jarri behar du udaletxeko balkoian hilaren 14rako. “Inposaketa” salatzeko ikurrinaren aldeko ekitaldia antolatu du Bai Euskal Herriari taldeak larunbaterako, eta Bilduk , mozio bidez, batzeko deia egin du. Bide batez nortasun ikurren erabilera sustatzeko deialdia egin zuen eta pasaitarrei ikurrinak balkoietan jartzeko gonbitea luzatu, datozen egunotan zein Aberri Egunera begira.
EAJk, bere aldetik, Espainiako bandera udaletxean inposatuta jarri dela agerian utziko duen plaka bat jartzeko eskatu zuen mozio bidez, eta hala egingo da, mozioa aurrera egin zuelako.
Ondasunen inbentarioa
Mozioetatik harago bi gai erabaki zituzten atzoko plenoan. Batetik argi berdea eman zitzaion udal gobernu taldeari letratu eta prokuradore bat izendatu dezan San Marko Mankomunitateko aurrekontuen kontrako erreklamazio bat auzitegira eramateko. Hondakinen bilketa atez ate egiten ari diren udalerriek egingo duten erreklamazio bat da, bilketaren zerbitzua bi bider ordaintzen ari direla iritzita.
Azkenik, udalak osatzen ari den herriko ondasunen inbentarioaren harira, Udala eta Euskotrenek duten afera baten berri eman zuen Joseba Belaustegi idazkariak, eta akordio baten proposamena gai zerrendan premiaz txertatzearen zergatiak azaldu zituen. EuskoTrenek beretzat nahi ditu Topoaren azpialdeko Antxoko lurrak, eta udalak, aldiz, lur horiek bereak direla iritzi dio. Ondasunen inbentarioan txertatu nahi ditu aipatu lurrak eta horretan aurrera egin ahal izateko hilaren 19rako errekurtso bat aurkeztu behar zutenez, udalbatzarraren baimena behar zen. Akordioak talde guztien babesa jaso zuen, EAJrena ez ezik. Jeltzaleak abstenitu egin ziren. Topoaren ondoan bizi diren hainbat bizilagun udalbatzarrean egon ziren, Euskotrenen asmoak, Udalaren interesak ez ezik, beraienak ere kaltetzen dituelako.