Aparkatzeko araudia aldatuko dute Antxon, uda baino lehen
Uda baino lehen aldatuko dute Pasai Antxoko aparkatzeko araudia. Bertakoei eta enpresako ibilgailua duten merkatariei bertakoentzako txartela emango diete, erabat doan, bertan aparkatu ahal izateko. Kale guztiak txartela duten bizilagunentzat izango dira, eta baita Luzuriagako aparkalekuaren 3/4ak ere. Luzuriagako aparkalekuaren gainerako tokia, 100 plaza inguru, aparkaleku libreak izango dira kanpotik datozen bisitariek aparkatzeko aukera izan dezaten. Edonola ere, Luzuriagako aparkalekuaren antolaketa behin behinekoa izango dela ohartarazi du udalak, eta beharren arabera 100 plaza libreen kopurua aldatzea aztertuko dutela iragarri dute. Horrez gain, Luzuriagako plaza libreetan autoak luzaroan aparkatuta egon ez daitezen neurriak hartuko dituztela esan dute, txandaketa egon dadin. Gainera, Antxora datozenentzat Hamarretxeta kalean txandakako 24 plaza prestatuko dituzte, 30 minutuz aparkatu ahal izateko.
Beste herri batzuetara lanera doazenak Antxon ez aparkatzea da araudi berriaren helburua, eta bide batez, pasaitarren aparkaleku arazoak arintzea.