Atzoko udalbatzarra
Aberri Eguna dela eta, ezohiko plenoa egin zuten atzo eta Udalbiltzak aurkeztutako mozioa onartu zuten EH Bilduren aldeko botoekin (EAJ abstenitu egin zen eta H1 ez zen agertu).
“Euskal Herritarrak gara eta ozenki adierazi nahi dugu. Euskal herritar gisa bizi nahi dugu, baina gure borondatearen gainetik ofizialki frantziarrak edo espainiarrak izatera behartuak gaude”, adierazi zuten.
Errealitate hori “era demokratikoan aldatzeko” Euskal Herriko udalek historikoki egindako “lan aitzindaria eta garrantzitsua” gogora ekarri zuten: 1931ko Lizarrako estatutua, 1976ko Bergarako alkateen mugimendua edota 1998an Ipar Euskal Herrian Euskal departamentuaren aldeko aldarrikapena, esaterako.
Horrez gain, Etxarri-Aranazen igande honetan (hilak 13) independentziari buruzko galdeketari eta Gure Esku Dago dinamikari babes osoa eman zion udalak.