Olinpiadak berreskuratu eta lehenengo proba eguna pasa ondoren, Putteruan Alabak taldeko bi kiderekin hitz egin dugu. Garazi Oronoz eta Uxue Estombak Olinpiaden inguruko beste ikuspuntu bat eman digute. Hasiera batean, apuntatzeko “beldur” pixka bat izan arren, orain ez dira damutzen. Helburuen artean, irabaztea baino gehiago ondo pasatzea dagoela adierazi dute Putteruan Alabak taldeko neskek.

Putteruan alabak taldeko kideak
Zeintzuk osatzen duzue Putteruan alabak taldea?
Putteruan alabak taldea koadrila desberdinetako jendeak osatzen dugu, baina gehiengoak koadrilakoak gara. Olinpiadetan parte hartzeko gogoa zuten lagun batzuk eta familiakoren bat fitxatu ditugu taldea osatzeko.
Zergatik animatu zineten olinpiadetan parte hartzera?
Koadrilako batzuk gazte asanbladako kideak dira eta olinpiadak berriro egiteko asmoa zegoela komentatu zigutenean apuntatu gintezkeela pentsatu genuen. Hasieran beldur pixka bat ematen zigun eta ez ginen oso konbentzituak, baina orain egia esan ez gara damutzen.
Talde gehienen izenak dira nahiko bereziak, nondik dator zuena?
Lokaleko kontuak dira, elkarrekin denbora asko egoten gara eta edozer gauza delarik beti badugu zerbait barre egiteko. Putteruarena istorio luzea da, baina lasai gure gurasoekin ez du zer ikusirik! Ez gaizki pentsatu!
Zer eskaintzen diote Herri Olinpiadek Hondarribiari eta bereziki bertako gazteriari?
Hondarribiari bizitasuna ematen diola pentsatzen dugu, Olinpiadei esker jendea kalera irtetea, ondo pasatzea eta barre batzuk botatzea lortu baitugu. Gainera, lehengo herri olinpiadak gogoratzen dituzten jendeari olinpiada berrien itzulerak ilusio handia egin diela ikusi dugu, eta hori ere pozgarria da. Olinpiadek herriko gazteei elkar ezagutzeko aukera emango digutela uste dugu, gure helburuetako bat hori da behintzat.
Ondo pasatzeaz gain, lehiakortasuna nabaritu duzu?
Ez dugu gehiegi nabaritu egia esan, argi dago guztiak saiatzen garela probak ahalik eta hoberen egiten, baina bakoitzak gure posibilitateak ezagutzen ditugu eta momentu-arte egin ditugun probetan behintzat, argi ikusten genuen talde batzuen ondoan ez genuela asko egiterik. Hori dela eta gure inguruan behintzat ez dugu lehiakortasun askorik sumatu.
Gure beste helburuetako bat datozen egunetan gorantz egitea da, baina ideia horretan ez gara itsutzen.
Olinpiadak hasi aurretik ba al zeneukaten koadrila edo talderen bat begi artean?
Ez dut uste, baina gure antzeko ezaugarriak dituzten taldeak apuntatu zirela jakin genuenean lasaitu egin ginela aitortu behar dugu.
Zenbatgarren zaudete klasifikazioan?
Hamabosgarren gaude momentuz, baina lehen esan dugun moduan gora egiten saiatuko gara hurrengo egunetan. Gure aukeretan sinesten dugu eta sailkapenaren erdialdean amaitu ezkero oso pozik egongo ginateke.
Lehenengo egunetako frogak zakuak, panotxak, palo-eskia, txingak eta soka tira izan ziren:
Bai, zaku lasterketan oso ondo moldatu ginen; laugarren gelditu ginela uste dugu eta horren ondorioz asko motibatu ginen. Ondoren panotxak, palo-eskia eta txingak etorri ziren baina zenbait arazo izan genituen eta ez genuen trebetasun handiegiarekin jardun.
Egun bikaina izan zen, oso ongi pasa genuen eta datorren astebururako gogotsu gaude. Putteruan alabak
on fire!
Parte hartu ez duen jendeari zer esango zenioke?
Olinpiadak ikustera etortzea, Putteruan alabei asko animatzea eta datorren urtean apuntatzeko dudarik ez izatea!
Aitor Baztarrika, Olinpiadak TB kidea eta HITZAko kolaboratzailea olinpiadetan.