Irungo kultur eredua aldatzen hasi dela esan du udalak
Gaur egin du Irungo Udalak 2013ko kultur jardueren balantzea egiteko agerraldia. Bertan, Belen Sierra Kultura ordezkariak argitu du 2012an hiriko kultur eredua aldatzeko abiatutako bideak jarraipena izan zuela iaz, “parte hartzean, eraldaketan, eta jasangarritasunean oinarritutako aldaketak dira”. Hortaz, hiriari kultur eredu “koherentea” ematen saiatu direla ziurtatu du Sierrak, “erakargarria, berritzailea eta garai berrietara egokitua”.
Hainbat datu eman ditu Sierrak gainera. Iaz Irunen 104 musika emanaldi egin zirela jakinarazi du, 48 udalak bultzatutakoak eta beste 56ak Irun Zuzenean-ek edo beste eragile batzuek antolatutakoak; erakusketei dagokienez, udalak Amaian nahiz Menchu Galen bultzatutako erakusketetara 4.714 ikusle joan zirela esan du, eta Irunen, orotara, iaz 49 erakusketa jarri zirela adierazi du.
Antzerkiak ere izan zuen iaz tokia Irunen. 42 antzezlan ikusteko aukera izan zen iaz, 23 udalak antolatutakoak, eta gainontzeko beste eragile batzuek: 6.783 ikusle bildu zituzten, 2012ko 5.140en aldean.
Beste datuen artean, honakoak: Amaia KZn egin ziren ikuskizun guztietara 53.000 ikusle joan ziren; Ikust Alaian egin ziren jarduerek 137.733 jarraitzaile izan zituzten, eta Oiasso Museoan, esaterako, 21.676 sarrera saldu zituzten iaz.