Igoera fasea buruan, igandean liga bukatuko du La Bacaladerak
Igoera faserako sailkapena lortu eta gero, ospakizunerako partida izango du Hondarribiko eskubaloi taldeak igandean Hondartza kiroldegian, 12:15ean.
Joan den asteburuan igoera faserako sailkapena lortu eta gero, ospakizunerako partida izango du La Bacaladera Hondarribia eskubaloi taldeak igandean Hondartza kiroldegian, Gasteizko Corazonistas taldearen kontra. Euskal Ligako gainontzeko partida guztiak bezala 12:15ean jokatuko da, eta ez 12:00etan, ohiko ordua Hondarribiko taldeak etxean jokatzen duenean.
Estatuko liga autonomiko guztiak bukatuko dira asteburuan eta orduan jakingo da igoera fasean La Bacaladeraren aurkaria zein izango den. Kanporaketan garaile izanez gero, heldu den urtean Espainiako Lehen Mailan jokatuko luke, Hego Euskal Herriko, Kantabriako eta Aragoiko taldeekin batera eta Zilarrezko Mailatik jaitsi den Errenteria-Oreretako Ereintzarekin.