Barrio Txinokuak, bigarren eguneko soka salto proban
2014. urteko Hondarribiko Herri Olinpiaden erdia igaro dugunean, Olinpiada berri hauen inguruko bizipen eta balorazio bat jasotzeko asmotan Barrio Txinokuak talde olinpikoaren egoitzan izan gara. Entrenamendu gunea beste gela batean izango dutela espero dugu; elkarrizketa egin dugun lekua, sofaz beteta baitzegoen. Hala ere, olinpiaden helburu nagusitzat ondo pasatzea badute, hobeto lagun artean egoteko erosoa den gune bat izatea, errendimendu handiko zentro bat baino.
Elkarrizketa hirugarren jardunaldiaren aurretik egin zen , baina ezin izan dugu orain arte publikatu.
Zeintzuk osatzen duzue Barrio Txinokuak taldea?
Gure koadrilako hamalau pertsonak osatzen dugu, hala ere, olinpiaden egunean baten bat lo geratzen da beti.
Zergatik animatu zineten olinpiadetan parte hartzera?
Gazte asanbladako kideek komentatu ziguten interesatuta zebiltzala Hondarribian berriro olinpiadekin hasteko gazteen arteko giroa berpizteko asmotan eta ea parte hartzeko prest egongo ginatekeen, eta noski, nola ez, gu edozertara apuntatzen gara dibertigarria den bitartean!
Talde gehienen izenak dira nahiko bereziak, nondik dator zuena?
Gure lokala Santa Maria Madalena plazan dago eta inguru honi Barrio Txinoa deitzen zaionez izen hori aukeratu genuen olinpiadetan zein beste ekintzetan parte hartzeko.
Olinpiadak joko soilak izateaz gain, herriko giroan lagundu dutela argi ikusi da. Bigarren froga egunean, triki-poteo luze baten ondoren egin izana nabaritu zen?
Denetarik zegoen, baina nabaria zen aurreko arratsalde nahiz gauean kriston giroa egon zela; olinpiadak baina ordu batzuk lehenago gehienak Hondarribiko tabernetan ginen oraindik. Denak trikipoteora joan ginen eta girotu ahala parrandan bukatu genuen. Azkenak geratu ginenez suposatzen dugu parrandak
faktura pasako zigula, parranderoenak izango ginen agian.
Ze balorazio egiten duzue egon diren frogen inguruan [lehen bi jardunaldiez]?
Lehenengo eguneko frogak nahiago ditugu bertan partaide guztiek egiten zutena ikusteko aukera izan genuen, guztiek batera aritzekoa eta taldeen artean
pike-a sortzekoa. Bigarren egunekoak indibidualagoak izan ziren , talde bakoitza bere eginkizunean.
Frogak aurretik prestatu dituzue, ala gehienek bezala momentuan?
Momentuan egin ditugu proba guztiak eta pentsatu gabe zer egingo duen bakoitzak. Hala ere, egokia izango litzateke pelikulen probanadibidez kode batzuk planteatzea mimikaren bitartez zein pelikula den asmatzeko, hor doa proposamena!
Oraingoz, zenbatgarren zoazte klasifikazioan?
17.ak goaz, baina garrantzitsuena parte hartzea da eta olinpiaden aitzakiarekin Hondarribian giro ona egotea.
Ondo pasatzeaz gain, lehiakortasuna nabaritu duzue?
Orokorrean ez, baina pike pixka bat bazegoen, denok egin nahi baikenituen ondo probak.
Zer uste duzu eskaintzen diotela Herri Olinpiadek Hondarribiari eta bereziki bertako gazteriari?
Hondarribiari olinpiadek bizitasuna ekarri diote, gazteak lokaletatik ateratzea, aurreiritziak atzean utzi eta elkarrekin ondo pasatzea. Gazteriari, lokaletik kanpoko aisiarako aukera eman diote. Egunero erlazionatzeko aukera ez duten gazteekin egoteko eta jende gehiago ezagutzeko.
Parte hartu ez duen jendeari zer esango zenioke?
Parte hartzen ez duen jendeari, seguru gaude inbidiaz etortzen direla asteburuetan olinpiadak ikustera eta datorren urtean lehiatzen aurkari izango ditugula. Beraz datorren urtean bitan pentsatu gabe apuntatzeko pausua eman dezatela!
Datorren igandeko frogei begira zerbait esatekorik? Larunbatean gehiago kontrolatzea edo?
Saiatuko gara azkenak berriro ez geratzen baina parte hartu eta ondo pasatzeko asmoarekin goaz.
Aitor Baztarrika