Alkateak 'proposamen itxia' aurkeztea salatu du Xabier Iridoyk
Irungo EAJren udal taldeko Xabier Iridoy bozeramaileak Jose Antonio Santano alkatearen jarrera salatu zuen atzo komunikabideei bidalitako prentsa ohar batean. “Oposizioko taldeei ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe, Santanok udalbatzara proposamen itxia eramatea” kritikatu du jeltzaleak, eta baliabide ekonomikoen inguruan “gardentasuna” eskatu dio. Hala ere, gaurko udalbatzan EAJk proposamenaren alde egingo duela esan du bozeramaileak.
Horiek horrela, Santanok gaurko udalbatzara eramango duen 3,4 milioi euroko kreditu modifikazioaren inguruan izandako jarrera salatu du Iridoyk, eta horren aurrean “etsipena” adierazi nahi izan du. “Berriro ere udal gobernuaren proposamen itxi baten aurrean aurkitzen gara” adierazi du jeltzaleak. Eztabaidarako eta negoziaziorako aukerarik gabe utzi dituela gainontzeko udal taldeak salatu du bozeramaileak.
Era berean, “gardentasuna” exijitu dio Iridoyk Santanori. Baliabide ekonomiko erabilgarriak udal gobernuak osoko bilkurara eramango dituenak baino handiagoak direla azpimarratu du Irungo EAJren bozeramaileak. “Badakigu eta ofiziala da Eusko Jaurlaritzak 2014ko aurrekontuetatik hiru milioi euro baino gehiago bideratu dituela Irunen esku hartzeak batera finantziatzeko”, azaldu du. “Alkateak 750.000 euro bakarrik eramango ditu udalbatzara kreditu aldaketarako. Gainera, badakigu 2014an San Miguel-Anakako esku hartzearekin lotutako gastuak udalbatzarrean aurkeztutakoak baino handiagoak izango direla”, gaineratu du.
Hala eta guztiz ere, Irungo EAJren udal taldeak proposamenaren alde egingo duela baieztatu du Iridoyk, “irundarren ongizatea hobetuko dutelako”.