Bost argazkilari amateur elkartu ditu Modottik maiatza erdira arte
Taldeko erakusketa abiatuko du Modotti tailerrak (Kale Nagusia, 24) maiatzaren 1ean. Hil horren 16ra arte, Lander Zurutuza, Pilar Oronoz, Miguel Soto, Iñaki Mariskal eta Josu Barandiaranen argazkiak ikusteko aukera izango da. “Ez dira profesionalak, baina euren argazkiak oso interesgarriak dira”, nabarmendu du Modottiko arduradun Gotzone Eluk. Bost argazkilari amateur eta argazkilaritza ulertzeko bost modu, horixe da maiatzaren 1etik 16ra Hondarribiko Modotti tailerrak egingo duen proposamena.
Lezoar batek eta lau hondarribiarrek osatzen dute boskotea. Lander Zurutuza lezoarrak erretratuak maite ditu eta Maroko zein Euskal Herrian egindako argazkiak bildu ditu Modottin erakusteko. “Nire argazkietan beti saiatzen naiz erretratatutako pertsona eta lekuen esentzia antzematen, argazkilaritza dokumentalarekiko halako zaletasun bat erakutsiz”, azaldu du egileak.
Pilar Oronozek beti maite izan du argazkilaritza, “19 urterekin, irabazitako nire lehenengo soldatarekin, lehendabiziko reflex kamara erosi nuen”, esan du. Makina bat argazki atera ditu Hondarribian eta horietako hiru aukeratu ditu erakusketarako, “Farolako bidetik ateratakoak”.
Miguel Sotok, aldiz, begiak ikusten ez duen hori bilatzen du argazki kamerarekin: “niretzat argazkigintza zera da, egunerokotasunean galtzen ditugun xehetasunak jasotzeko leiho soila”. Sotok Modottirako hautatu dituen argazkiak, bere teknika ezagutzeko modu ezinhobea dira.
Iñaki Mariskal “zaletasun goiztiarreko argazkilari autodidakta” dela azaldu du Kale Nagusiko aretoko arduradunak: “Berezkoa den sentsibilitatea erakusten du bere lanak, bai xehetasun arkitektonikoak eta hiriko bizitza arrunteko egoerak zein naturak eskaintzen dizkigun gorpuzkerak eta oszilazioak bereganatzerakoan. Edertasun hau guztia Iñakiri ez zaio ihes egiten eta trebetasun aipagarriaz biltzen du”, gaineratu du Eluk. Lehen aldia da Mariskalek jendeaurrean aurkezten dituela bere lanak.
Bukatzeko, Josu Barandiaranek bizitza izoztea bilatzen du argazki kamerarekin, “denbora fotograma bakar batean inprimatuta geratzen den jokoa”. Horregatik, fotograma bat beste batean jarriz, denbora luzatzen edota mugimendua sortzen saiatzen da Barandiaran eta joko horren partaide izateko deia luzatzen dio ikusleari.