Sasoi oparoa izaten ari da 2013-2014a Haurtzaro Atletismo Taldearentzat. Horren erakusle da Gipuzkoako Pistako Banakako Txapelketan lortu dituzten emaitzak. Hiru jardunaldi izan ditu txapelketa horrek, eta horietan pilatutako emaitzen arabera, domina sorta ekarri dute herrira. Jardunaldi horiek Errenteria-Oreretako, Irungo eta Eibarko pistetan egin dituzte.
Honakoak dira, hurrenez hurren, Haurtzaro Atletismo Taldeko kideek lortu dituzten dominak:
- Amaiur Errazkinek lau domina lortu ditu, urrea 500, 1.000 eta 2.000 metrotako lehietan, eta brontzea 150ekoan.
- Julen Perezek hiru domina irabazi ditu, urrea 150 metrotan, zilarra hesietako 220etan, eta brontzea 80koan.
- Ane Etxebestek hiru domina eskuratu ditu, zilarra 1.000 eta 2.000 metroko probetan, eta brontzea pilota jaurtiketan.
- Alazne Garridok ere dominak lortu ditu, bi: zilarra 500 metrotan, eta brontzea hesietako 220etan.
- Ibai Lezertuak zilarrezko domina irabazi du 500 metroko proban.
Jardunaldi bakoitzaren emaitza zehatzak
taldearen webgunean ikus daitezke.