Pasaia eta Lezoko alkateak aldundiarekin bildu dira gaur, espaloiaren harira
Amaia Agirregabiria eta Ainhoa Zabalo Pasaiako eta Lezoko alkateak hurrenez hurren gaur goizean bildu dira aldundian, bertako Garraio eta Mugikortasun zuzendari Unai Erroitzenearekin. Gai bakarra landu dute: Lezo eta Donibane arteko espaloia nola hobetu. Bidegorriaren gaia ere atera dute, baina ez dute lehentasuntzat eman. Pasaiako Udaletik adierazi dutenez, “aldundiaren jarrera positiboa izan da”
Bi alkateek aldundiko ordezkariari adierazi diote bi udalerrien arteko espaloia hobetzea gai garrantzitsua dela, izan ere, egungoa oso estua delako eta erabiltzaile asko dituelako, besteak beste, Lezoko hainbat zerbitzu erabiltzeko sanjuandarren kasuan.
Horren harira, Lezoko Udala jada hasi da espaloi hori hobetzeko egitasmoa idazten. Hori uste baino merkeagoa izango da, izan ere, termikoa desagertzeak hori merketzea ekarriko duelako. Pasaiako Udalaren obra zatia eginda dago, izan ere, udalerriaren muga termikan bukatzen delako, eta bidegorria eta espaloi zabaltzearen obra horiek eginak daudelako. Hau da, termikatik Lezoraino doan zatia, Lezoko udalerriaren barruko lur eremua da.