50 eurotik gorako tasetan KPIa igotzea adostu du udalbatzarrak
Udal Gobernu Taldeak proposatuta 50 eurotik gorako tasetan KPIa igotzea adostu zuen atzo arratsean udalbatzarrak. Gaiaren harira PSE-EEk aurkeztutako zuzenketak ere aurrera egin zuen. 18 urtez azpikoei dagozkien kultur eta kirol jardueretan igoera ez aplikatzea eskatu zuen talde sozialistak, ez eta euskara eta haur hezkuntzari dagozkion tasetan. Bestetik, Kultura Departamentuak 30 urtetik gorakoentzat eskaintzen dituen ikastaroetan, langabetuei tasaren erdia itzultzea eskatu zuten, eta azkenik, euskaltegian ari diren langabetuentzat “langabe bakoitzaren egoeraren araberako matrikula sinbolikoak” adostea eskatu zuten. PSE-EEren eskaera guztiak bere egin zituzten Bilduk eta EAJk. PP eta Pasaiako Ezkerrak abstenitu egin ziren. Bilduren proposamena, bestalde, PP izan ezik–abstenitu egin ziren–, gainontzeko alderdi guztiek babestu zuten.
Telekomunikazioen Lege Orokorraren proiektuaren kontra Pasaiako Ezkerrak aurkeztutako mozioa ere aprobatu zuten, Bilduren eta EAJren babesarekin, PSE-EEren kontrako botoekin eta PPren abstentzioarekin.
Alkatearen gestioak
Plenoaren bukatu baino lehen alkateak azken hilabetean egindakoen berri eman zuen, eta besteak beste, bera eta beste bi langile auzipetu dituztela jakinarazi zuen. Gaiarekiko agertu duten “zintzotasunarengatik” esker ona agertu zien beste alderdiei, guztiei, PPri izan ezik. “Harridura” agertu zuen alkateak, gaiaren gainekoak berari zuzenean jakinarazi eta hurrengo egunean David Hernandez zinegotziak prentsan gaiaren harira adierazitakoengatik.