Kanpaina dinamizatzeko xedearekin mosaikoa egingo dute larunbatean
Irungo Gure Esku Dago taldeak ekainaren 8an egingo den giza katea osatzeko parte hartzaile kopuruari bultzada eman behar zaiola jakinarazi du aste honetan. Izan ere, momentura arte 300 bat lagunek eman dute izena, eta denera, 1.200 eta 1.500 artean behar direla adierazi dute. Hori dela eta, dinamizazio jardunaldia antolatu dute larunbata goizean, San Juan plazan, 12:00etatik aurrera. Bertan mosaiko bat osatuko dutela azaldu dute taldekideek eta irundar guztiak parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte. Kilometroak eskuratzeko mahaia ere bertan jarriko dute.