Bidasoaldea BECen izango da asteburuan
Irunek eta Hondarribiak ordezkaritza edukiko dute Bilbao Exhibition Center-eko (BEC) Expovacaciones erakusketan, gaurtik hasita eta igandera bitartean. Nazioarteko hitzordua da BECeko Turismo eta Aisialdiaren azoka. Bidasoa Bizirik-eko kideek azaldutakoaren arabera, “bidaia agentzietako ordezkariak, maioristak, garraio konpainiak, erakunde ofizialak, hotelak, komunikabideak, kanpin eta caravaning enpresak, higiezinen agentziak eta turismo enpresak oro har bilduko dira sektoreko azken berritasunak ezagutzera emateko”.
Aurtengo erakusketaren oinarri nagusiak joerak eta esperientziak direla azaldu dute Bidasoa Bizirik-etik. “Turismo ekimenak bizipen edo esperientzia gisa aurkeztuko dira, aisialdirako eta entretenimendurako pentsatuta dauden jarduera paralelo batzuek osatzen duten programa batekin”.
Hala, Irun eta Hondarribia Basquetourren eskutik izango da BECen, “eskaintza turistiko zabalarekin”.