
Hibaikako kideak, uretan, garaipenaren ikurrinarekin
Larunbateko sailkapen estropadan ikusitakoaren arabera, esperotako emaitza zen. Baina atzo berretsi egin zuten: Hibaikako emakumeen trainerilla absolutua Euskadiko txapeldun izan da. Erraz gainera. Mutrikuko estropada erabakiorrean bigarren izan zen Oriori 23 segundo atera zizkioten eta San Juani (brontzezko domina lortu zuten). beste faboritoetako bat, 35. Zumaia lehiaz kanpo utzi zuten. Hortaz nagusitasuna erabatekoa izan da Hibaikarena.
Emaitza hori ez da kasualitatez gertatu. Oso lan ona egiten ari dira Errenteriako kirol taldekoak batez ere beheko mailetan eta emakumeetan. Eta emaitzak jasotzen hasi dira, batez ere joan den urtetik emakumeei dagokienez. Landutako emaitza izan da trainerilletakoa, urteetan landutakoa, nahiz eta atzo denboretan erraza iruditu.
Gizonen Maila Absolutuan, larunbateko Hondarribiaren porrota eta gero, nahikoa egin zuen San Juanek brontzezko domina lortzearekin Bermeo txapeldunaren eta Zierbena bigarrenaren atzetik. Lan ona ere sanjuandarrena.
Gizonen Gazte Mailan ere San Pedroren emaitza goraipatzekoa da. Finalean laugarren izan arren, finalean bertan egotea balentria izan da moreentzat. Maila horretan, kontsolazio txanda irabazi zuen San Juanek.