Kezkatuta daude Lezon. Lehengo asteartean jazotako eraso batek eragin du gaur eguerdian hamarnaka herritar plazan bildu dituen batzarra. Lezoar bat etxera bidean zihoala, txakurra aske zeraman koadrila batekin gurutzatu eta txakurra lotzeko eskatu zienean oldartu egin zitzaizkion. Gainera bota eta baita begi ondoko hezurra puskatu ere, emandako kolpeen ondorioz.
Asteartekoa, baina, ez omen da eraso isolatua izan. Salaketarik ezean, ez dago erasoen zenbateko zehatza ematerik, baina herrian bolo-bolo omen dabil gaia, eta erasoak gero eta ohikoagoak bihurtzen ari dira. Erasotzaileak gazteak omen dira, oso gazteak, lezoarrak batzuk eta inguruko herrietakoak besteak. Herritarrak iraindu, mehatxatu, intimidatu … eta erasotzen dabiltza, eta herrian kezka da nagusi, batez ere mendekosteen atarian.
Txerrimuñok deitu du batzarra, beraiek ere erasotu dituztelako azken aldian hainbatetan. Txerrimuñoko kideei pintaketa faxistak ezabatzea leporatzen diete, eta beren kontra harrika aritu izana onartu ere egin omen diete. Txerrimuñoko kideek haiekin biltzeko zita ere egina omen zuten, baina gazteak hitzordura azaldu ez eta bitarte horretan gertatu da azken erasoa.
Gaurko batzarrean erasoak geldiarazteko zer egin zezaketen eztabaidatzen aritu dira herritarrak. Ainhoa Zabalo alkatea ere bertan izan da, eta hitza hartu du, hainbat herritarrek udaltzaingoa eta udalaren arduraz interpelatuta. Erasoak salatzeko eskatu du alkateak, salatu ezean, udaltzaingoak ezer gutxi egin dezakeelakoan, eta udala laguntzeko prest dagoela agertu du. Edonola ere, oraingoan txakurrarena “aitzakia hutsa” izan dela iritzi dio Zabalok, liskar bila dabiltzala, eta horren aurrean irtenbidea ezin duela poliziala izan nabarmendu du. “Arazoa ez dugu konponduko herria udaltzainez eta ertzainez beteta. Denon artean bakarrik daudela sentiarazi behar diogu eta ulertu behar dute ez ditugula horrelako erasoak onartuko”, adierazi du alkateak.
Txerrimuñoko kideek, bide beretik, jokabideei aurre egiteko beharra azpimarratu dute eta idatzi bat egin eta eragile guztiei helaraztea proposatu dute, horrelako jokabideak ez onartzeko eta erasoen aurrean elkar laguntzeko konpromisoa hartzeko.
Azkenik, eraso faxisten salaketa publiko bateratua egitea adostu dute, eta horretarako astelehenean bilduko dira plazan, 20:00etan.