Portuak behin eta berriz gonbidatu omen ditu, eta behingoagatik beraiek kontuan hartu izana eskertzen dute. Hala eta guztiz ere, ez joatea erabaki dute. Herrera Herrirak uko egin dio Portuak astelehenerako eta astearterako antolatu dituen jardunaldietan parte hartzeari, eta prentsaurrekoan agertu dituzte arrazoiak. "Susmagarria" iruditzen zaie "bat-bateko interesa",
Portuak behin eta berriz gonbidatu omen ditu, eta behingoagatik beraiek kontuan hartu izana eskertzen dute. Hala eta guztiz ere, ez joatea erabaki dute. Herrera Herrirak uko egin dio Portuak astelehenerako eta astearterako antolatu dituen jardunaldietan parte hartzeari, eta prentsaurrekoan agertu dituzte arrazoiak. “Susmagarria” iruditzen zaie “bat-bateko interesa”, orain arte Portu Agintaritzarekin biltzeko saiakerak egin dituzten arren, sekula ez dutelako beraiekin biltzeko inongo interesik azaldu.
Esan dutenez, jardunaldi hauek “Portuaren beharretik eratorritakoak” dira, eta “ondorioak aldez aurretik idatzita” dituztela uste dute. “Ez dugu parte hartuko fartsa bat iruditzen zaigulako”, esan dute. “Sasi prozesu parte-hartzailea” iruditzen zaie, “agente gehiagoaren inplikazioarekin zilegitasuna eman nahi diotelako kaiko Herreraren aferan Portuak eragindako blokeoari “. Beraiek, ordea, ez diote prozesuari inongo zilegitasunik aitortu nahi. Horregatik ez dute parte hartuko.
Oztopo etengabeak
Herrera Herriraren iritziz, Portu Agintaritzak behin eta berriro oztopatzen du herritarren bizi kalitatearen hobetze bidea, eta hainbat adibide aipatu dituzte, tartean Euskadi Etorbidearen urbanizazio lanak. Udalak Trintxerpeko kale nagusia dena urbanizatzen dihardu, eta Portua 30 metro espaloi konpontzea oztopatzen ari da, konpondu behar dituzten lurrak bereak direla argudiatuta. “Nola deitu dakioke horri?”, salatu dute bizilagunek. Kaiko Herreran pilatuta dituzten lan-hondakinak, Ciriza etxea erabili ahal izateko baimenaren ukazioa, edo eta toporako eta Herrerarako sarbidea errazteko lanak dira aipatu dituzten beste adibideak. “Nola joango gara prozesu horretara eguneroko gai garrantzitsuenetan oztopoak baino ez dituztenean jartzen”, salatu dute herritarrek.
Herrera Herriraren aburuz, “Portuak bere jaurerri feudal bailitzan jokatu du historikoki Pasaiarekin”, eta zentzu horretan, ez dute jarrera aldaketarik sumatzen.”Aldaketarako borondatea egunez egun frogatu behar da”, esan dute. Gogaituta agertu dira, Portuak berriz ere eztabaidatu behar duelako Herrerako zein lur behar dituen, eta zeintzuk ez, erabakiak, zentzu horretan, aspalditik hartuak dauden arren. “2002. urtean beraiek esan zuten Herrera liberalizatzea erabaki zutela”, esan dute garaiko hemerotekako albisteak erakutsiz.
Elkar ulertzera kondenatuta
Oztopoak oztopo “Portua eta herria elkar ulertzera kondenatuta” daudela iritzi dio Herrera Herrirak eta horregatik Portu Agintaritzari gonbidapena luzatu diote, “jarrera aldatu eta udalerriaren etorkizunaren eraikuntza kolektiboan” parte har dezan. “Hortxe topatuko gaituzte, ziur”, esan dute.
Herrera Herriraren ustez, Portua eta herriaren arteko harremana aldatu dadin eztabaida prozesu bat beharrezkoa da. “Bada garaia beste batzuk guri dagozkigun erabakiak hartzeari utz diezaioten. Zertan lan egin, zer arnastu, noiz langabe geratu… dena erabakitzen dute gure ordez”, esan dute. Herrera Herrirrak proposatzen duen eztabaida prozesuan herritarrak lirateke protagonista nagusi, eta beraiek hartuko lituzkete erabakiak. “Hori da guk nahiko genukeen prozesua”, gaineratu dute.
Hausnarketa
Azkenik, Portuak antolatutako jardunaldietan parte hartuko duten beste eragileei hausnarketarako hainbat galdera bat plazaratu dizkiete. “Zenbat analisi, azterlan, ikerketa, analisi estrategiko eta bestelako egin dituzte azken 30 urtetan? Zenbat egon dira badiaren inguruko herritarren benetako arazoak konpontzera bideratuta? Zenbat diru xahutu dute honetan guztian? Zilegitasunik eman behar al diozue fartsa berri bati?”, galdetu diete.
Herrera Herriraren iritziz, 30 urte pasatu eta gero “baleko proiektu bakarra dago”, hain zuzen ere, “badiako herritarrek kolektiboki eraikitakoa, eta Udalak bere egindakoa”. Zentzu horretan, energia guztiak Herrera Herrirak eraikitako proiektua gauzatzera bideratu behar direla uste dute, eta horretarako deia egin dute, kaiko Herrerako lurrak behingoagatik libratu ditzatela eskatuz. “Ez ahaztu badiaren inguruan bizi garen pertsonen etorkizuna dagoela jokoan”, bukatu dute.