Bideko burutazio batzuk
Ederra da Kataluniara joatea, iazko irailaren 11an 1,6 milioi herritarrek erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea osatu zuten herrialde horretara. Oraingoan Montmeloko moto lasterketa sonatua dugu txangorako aitzakia. Jar dezagun, bada, motoa martxan. Goazen!
Etxarri Aranatzen barrena goaz. Nafarroako Sakanako herri honetan egin zen Euskal Herriaren independentziaren aldeko lehen herri bozketa. Herritarren %42k hartu zuen parte. %94k eman zuen independentziaren aldeko botoa. Parte hartzearen kopurua auzitan jartzen duenarentzat zera, Europako Parlamenturako egin berriak diren hauteskundeetan europarren %43k eman zuela botoa. Etxarri Aranatzen bezalatsu.
Eguraldia lagun, aurrera goaz. Iruñeara iristen. Hemendik abiatu zen, ekainaren 8an, Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aldeko giza katea, Durangorekin, eskuz esku, 150.000 herritarrek osatu zutena. Handia izan zen. Esatari profesionalari nekez betetzen zaio eztarria, albistea hunkigarria izanagatik. Ekainaren zortzikoak apurtu egin zuen hori ere. Eztarria bete ez ezik, oilo ipurdia azalean eta malkoak begietan zituela aritu zen esataria goazen Iruñeara, zertan da Sakanakoa, orain goazen Durangora…
Bai, hemendik, Iruñeatik abiatu zen giza katea, azken hauteskunde europarretan boto abertzaleak horrenbesteko hazkundea izan zuen euskal hiri honetatik. PPren ondoren (18.212 boto), EH Bildu izan zen bozkatuena (13.405 boto). EAJk 1.703 boto erantsi zizkion bozka abertzaleari.
Gustagarria da Iruñeatik Zaragozarako autobide hau. Zaragoza Zuerako espetxearekin lotzen dut, El Pilarrekin baino gehiago. Euskal presoak hemen ere. Bideotan ibiliko dira haien senide eta lagunak ere. Orain trafiko gutxi dabil. Luzeak egiten ari zaizkit azken kilometroak. Los Monegros. Zaragoza eta Huesca lotzen dituen zonalde idorra. Basamortua. Basamortuan bakardadea bera ere galduta dabil.
Utzi dugu atzean suge tokia dirudien paraje mortua. Lleidan sartu gara. Katalunia! Catalunya! Catalonia! Basarmortua zeharkatu duen ibiltariaren gisa sentitzen naiz; aterpea hartu duen erraria bezala. Horra etxalde zahar horretan Kataluniako bandera, senyera. Estelada da, independentista. Dotore dabil mastaren gainean lur landatuetan zaindari. Nekazariek jarritakoa ote? Nolanahi ere, endavant!
Hara, beste estelada bat mendi muino hartan! Zirrara. Penedes bailaran gaude. Lehen mahastiak. Aberatsa da Katalunia ardotan. Aldatu egin da paisaia. Upategiak eta soroa. Bartzelona aldera hemendik. Sant Sadurni d´Anoia. Hau ere ezaguna. Mahasti eta upategi gehiago. Bandera marradun hori-gorria nonahi. Lau barraduna. Izarduna.
Berriz ere etxean gaudeneko sentsazio gozoa. Kilometroak aurrera. Azken autopista peajea garestia, 29 euro. Han kexatu egiten gara A-8ko peajeekin. Inoiz ez dut gustuko izan autobidean ordaindu beharrekoari bidesari deitzea. Horrela, badirudi zuri ematen dizutela saria. Ez, zuk ordaintzen duzu. Peajea beraz. Espainiari ordaindu beharreko zamaren ordaina izango da dirutza hori ere. Kateak apurtzeko beste arrazoi bat.
Bartzelonarako kilometro gutxi batzuk. Kamioiak eta kamioiak. Behin Jesus Egigureni kafe baten inguruan gure ekonomiaren martxaz galdetu eta zera esan zidan, «beti esan izan didate errepidean kamioi asko ikustea seinale ona dela, hori dela termometro onena». Ekonomia ez dago geldirik, beraz, Katalunia alde honetan.
Arenys de Mar. Estelada asko balkoietan. Arenys de Munt. Hemen egin zuten 2009ko irailean Kataluniaren independentziari buruzko lehen herri bozketa. Berriz ere zirrara. Esteladak airean. Haiei begira malko batzuk.
A! Montmeloko lasterketetan katalanak eta euskaldun bat podiumean. Katalan irabazleentzat Kataluniako ereserkia aurretik. Ondoren, aukeran jarri gabeko himno eta bandera espainiarrak. Eta txistuak. Txistu asko. Atzeko britainiar batek ondokoari: «As in Scotland, they are the whistles of Independence» (Eskozian bezala, independentziaren aldeko txistuak dira). Bai horixe!