92 aitzindari ditu .eus domeinuak
92 aitzindari lortu ditu .eus domeinuak. Erronka bete du PuntuEus Fundazioak eta horren aurkezpena egin du gaur eguerdian Bilbon. Joan Mari Torrealdai fundazioko presidenteak “eskerrik beroenak” eman nahi izan dizkie “.eus domeinuaren aitzindari izateko erabakia hartu duten 92 entitateei”.
92 erakunde horien artean, orotariko arlotan lan egiten duten entitateak daude: 9 enpresa, 23 erakunde publiko, 14 hedabide eta euskal kulturgintzaren barruan lan egiten duten beste 46 erakunde. Hala, HITZA-k bat egin nahi izan du proiektuarekin eta aurrerantzean www.hitza.eus izango da helbidearen izendapen berria. Izan ere, gaurtik abenduaren 3ra bitartean, Euskararen Nazioarteko Egunera bitartean alegia, soilik aitzindarien webguneek erabiliko baitute domeinu berria.
Lehen fasea
Aitzindarien Programaren “berebiziko garrantzia” azpimarratu nahi izan du Torrealdaik gaurko aurkezpenean: “Batetik, duela bi hilabeteko aurkezpenean jartzen genituen bi helburuengatik: .eus domeinuaren sustapena eta bultzada ekonomikoa”. Zentzu horretan, ekarpenak era ekonomikoan edo espezietan egiteko aukera zegoela azaldu du. Horri esker, “zabalpenerako kanalak eta euskarriak modu esponentzialean hazi zaizkigu eta, era berean, .eus proiektuak orain datorkion bidearen hasiera duintasunez egiteko adina bultzada ekonomiko jaso du”, gaineratu du.
Proiektuaren “izaera inklusiboa” nabarmendu nahi izan du Torrealdaik bestetik: “92 entitate hauen artean ematen den maila guztietako aniztasuna .eus domeinuaren izaera inklusiboaren isla zuzena dela uste dugu”.
92 aitzindarietatik zazpi izan dira gaurko aurkezpenean, hala nola: Etxepare Institutuko Aizpea Goenaga zuzendaria; Hekimeneko Alberto Barandiaran zuzendaria; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko Cristina Uriarte sailburua; Atlhetic Clubeko Jon Berasategi zuzendari orokorra; AEKko Mertxe Mujika koordinatzaile nagusia; Hendaiako Herriko Etxeko Euskara eta Hizkuntza Politika arloko Michelle Mounios-Adurriaga arduraduna; eta Euskalteleko Harreman Instituzionaletarako Nerea Enbeitia arduraduna.
Abiarazte-aldia
Aitzindarien fasearen ondotik, hurrengo urratsa irailaren 16tik aurrera egingo du fundazioak Abiarazte-aldia izeneko fasean. Egun horretan hasita eta azaroaren 18ra arte domeinu berria erabili nahi duten guztiek eskaera egin ahal izango dute, eta abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera martxan jarriko dira horiek guztiak.
Aurkezpenean aurreratutakoaren arabera, abenduaren 3arekin batera, “egun berezi horretan .eus domeinuaren Fase Irekia edo Orokorra hasiko da”.