Atez atekoaren bilerak modu positiboan baloratu ditu alkateak, "azkenekoa izan ezik"
Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak atez atekoaren gainean Trintxerpe eta San Pedron egindako lau lehenengo bilerak modu positiboan baloratu ditu. Hala ere, pasa den ostegunekoarekin ez du iritzi bera. Hainbat bizilagunek bilera boikotatu zuten, atez atekoaren kontrako oihuekin eta alkatearen dimisioa eskatuz.
Lehenengo lau bileretan udalaren asmoen berri emateko aukera izan duela jakinarazi du Agirregabiriak, eta erakundearen eta udalaren arteko hartu emana “zintzoa” izan dela. “Asmoak aurrera eramateko ditugun arrazoiak entzun eta ulertu dituzte, eta guk, gure aldetik, herritarren iritziak eta kezkak entzuteko aukera izan dugu”, zehaztu du. Horregatik, zoriondu ditu bertara hurbildutakoak.
Bosgarren bilerara informazioa jasotzera joan direnei zuzendu da Pasaiako alkatea: “Ikusi zenuten moduan ezinezkoa gertatu zen bost hitz baino gehiago segidan esatea. Eta ez diot nigatik soilik, bilera zuzendu nahian aritu zen Aztikerreko teknikariak ere ezin izan zituen bileraren nondik norakoak normaltasunez azaldu ere egin”. Bere “atsekabea” adierazi die bertara agertutakoei: ”
Konturatuko zineten informazioaren beldur direla, egon zaitezke alde edo kontra, sistema izan daiteke gustuko edo ez, baina bilketa zertan datzan eta hori martxan jartzeko arrazoiak entzutea eragozten ari dena, informazio horren beldur dena, argumentu gutxi dituen seinale”.
Ostegunean gertatu zen “antzezlanaren gidoia aspaldi idatzita” dagoela iritzi du alkateak, “baina gidoigileak ez zeuden bertan”. Eurei zuzenduta, esan die “denbora sobera eduki dute udalean %70 birziklatuko duen alternatiba bat aurkezteko”. Bere ustez, “ez zaie interesatzen hondakinen gaia; beste interes batzuk dituzte”. Bukatzeko San Pedron eta Trintxerpen “ere ongi egingo dugu, Donibane eta Antxon” bezala ziurtatu du. Horren bidean, asteartean bilerak egingo dituzte ostalari eta merkatariekin, ; bat eguerdiko 13:30ean eta bigarrena arratsaldeko 20:00etan.
Pasaia Garbia: “Gure tresnak demokratikoak dira”
Pasaia Garbiak, bere aldetik, prentsa ohar bat kaleratu du, udalak “herritarren aldarri ozenari” muzin egiten diola salatuz. “Herritarrak manipulatzeaz eta, atez atekoaren kontrako alderdiekin batera, hainbat zinegotzik jasotako irain eta erasoen erantzule egiten gaituzte”, gaineratu du taldeak. “Eraso eta sabotaje guztiak gaitzetsi ditugu. Bosgarren edukiontziaren alde egiten dugu, baina tresna demokratikoekin”.