Alarde Parekidea San Juan plazara sartzen
Iragan urtean baino jende gehiago hurbildu da aurten Alarde Parekidearen desfilea ikustera. Finkatutako orduan ekin diote ibilbideari gizonek eta emakumeek osatutako tropek artxeroak buru zituztela. San Juan plazan gelditu dira lehenbizi eta Inma Landa jeneralaren zain izan dira bertan. Zaldiarekin galopan iritsi da jeneral berria, eta animalia urduri izan arren, alardeko buruzagiak, tropak, hautetsi politikoak eta bertaratutako herritarrak agurtu ditu Landak. Lehen hiru deskargak burutu dituzte bertan Alarde Parekideko tropek.
San Juan plazan bildu dira EB eta EH Bilduren udal taldeetako hautetsiak alardeko tropei harrera egiteko prest. Manuel Millan EBko bozeramaileak hiriko bandera eman dio Bidasoa konpainiari agurra egin ondoren. Era berean, EH Bilduren ordezkaritza zabala elkartu da bertan, tartean, Laura Mintegi alrdedi burua eta Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. Aldundiko diputatuek ere parte hartu dute San Juan plazan egindako harreran. Jose Antonio Santano alkatea ez da bertan izan.
“Gozatzen”
Hilaren 30a egun handia izanda, “gozatzen” ari zela adierazi du Landa jeneralak. Kontent agertu da jeneral berria alardearekin eta izandako harrerarekin. Horiek horrela, Junkal plazatxoan burutu dute hurrengo deskarga eta horren ondotik, kale Nagusia jaitsi eta Urdanibia plazan eten dute goizeko desfilea. Moskun bertan ere egin dute preso eta iheslarien aldeko deskarga eta topa.
Gaurko argazki galeria
bertan ikus daiteke eta sanmartzialetako gainontzeko egunetako argazkiak
Irudiak atalean.