Oiartzun, bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako eskuzko herriartekoaren finalean
Asteasuko talde Madalensoron 2-1 garaituta, Eskuz Pilotako Herriarteko Gipuzkoako Txapelketaren finalean sartu da Oiartzun. Itzuliko partidak izan ziren aurreko ostegunean herriko pilotalekuan jokatu zirenak, izan ere, joanekoetan 1-2 gailendu zen Oiartzun Asteasuren kantxan. Orain, Donostiaren kontra jokatuko dute herrialdeko finala, uztailaren 6an (igandean), 10:30etik aurrera, Donostiako Atano III pilotalekuan.
Finalerdietako itzuliko lehian 2-0 jarri zen aurretik Oiartzun, hortaz, hirugarren partidan gertatzen zena gertatuta ere, finalean ziren etxekoak. Galdu egin zuten seniorren lehia, baina hala ere, gustura gelditu ziren Oiarpeko kideak taldea berriz ere finalerako sailkatu zelako.
Finalean, Jexux Imaz Oiarpeko kideak esan duenez, aurkari gogorra izango du Oiartzunek. Kadeteetan partida latza izango dela iragarri du Imazek, donostiarrek maila handia dutelako. Gazte Mailako partida orekatua ikusten du, “eta helduena, ikusiko dugu”.
Materialaren hautaketa asteazkenean (uztailak 2) egingo dute 17:00etatik 20:30eta Atano IIIan.
Finala irabaziz gero, Euskal Herriko Txapelketaren finalerdietan sartuko da Oiartzun.