Adin guztietako emakumeek dute aukera pilotan trebatzeko. Gazteenek txapelketetan parte hartzeko aukera izango dute.
Aurten ere Emakumea Pilotari egitasmoa Oiartzunen dago. Emakumeak pilotan txertatzeko iniziatiba da, zehazki paleta modalitatean. 18 urtetik gorakoentzako nahiz 10-16 adin tartekoentzako eskolak antolatuko dituzte. 16tik gorakoek ere izango dute pilotan aritzeko aukera. Horietan guztietan izena emateko aukera hilaren 12ra arte dago, Elorsoro kiroldegian edo
Patri Espinar Gipuzkoako Federazioko teknikariaren helbide elektronikora idatzita.
18 urtetik gorakoen kasuan paleta ikastaroa da jaso dezaketena, Patri Espinarren eskutik. Horren entrenamenduak hilaren 13an hasiko dira, eta astelehenero izango dira Haurtzaro Ikastolako pilotalekuan, 19:30etik 21:00etara. Materiala kirol teknikariak eramango du, eta ikastaroaren prezioa 120 eurokoa da.
10-16 adin tartekoentzako ere izango da pilotan aritzeko aukera, aurten laugarrenez, horretarako eskola ere badagoelako. Azken hauek Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, eta hori egiteko ikastetxeko kirol koordinatzailearekin jarri ebhar dira harremanetan.
16 urtetik gorako neskek ere badute eskaintza. Ezker horma eta trinketeko Emakumea Pilotari txapelketetan parte har dezakete, baita Gipuzkoako Txapelketan, teknifikazio guneetan nahiz erakustaldietan ere. Azken hauek Gipuzkoako Pilota Federazioak bideratzen ditu.