Orribakar Literatur Lehiaketak Jon Garbizu olerki lehiaketa eta Lope Isastikoa ipuin lehiaketaren lekua hartuko du. 6 eta 15 urte arteko haur eta gazteei begira antolatu dute eta edozein literatur generoa balia dezakete parte hartzaileek lehiaketan aurkezteko.
Orribakar Literatur lehiaketa antolatu du Lezoko andreone Liburutegiak. Aurten izango du lehen aldia eta Jon Garbizu olerki lehiaketa eta Lope Isastikoa ipuin lehiaketaren lekua hartuko du. Garbizu eta Isastikoa 1994 urtetik 2011 urtera bitartean antolatu zituen liburutegiak. Lehiaketa berrian genero literario guztiak onartuko ditu liburutegiak, bertsogintza, olerkigintza, ipuingintza, kazetaritza…Eta lanak orri bakarrean idatzi beharko dituzte lehiakideek.
Haur eta gazteei begira antolatu dute literatur lehiaketa, 6 eta 15 urte artekoentzat eta bost mailatan banatuko dute adinaren arabera: A Mailan lehiatuko dira 6 eta 7 urtekoak; B Mailan, 8 eta 9koak; D Mailan 10 eta 11 urtekoak; E Mailan, 12 eta 13 urtekoak; eta F Mailan azkenik, 14 eta 15 urtekoak. Euskaraz idatziak behar dute izan lanek eta argitaratu gabeak. Epeari dagokionean, azaroaren 17tik 21era barne aurkeztu beharko dituzte lehiakideek Lezoko udal liburutegian.
Maila bakoitzeko bi sari banatuko ditu epaimahaiak, liburuak erosteko 75 euroko hamar bale guztiraeta saritutako lanak udalaren web orrian argitaratuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Liburutegiaren
webgunean kontsulta daitezke lehiaketaren oinarriak.
Ipuin kontaketak datorren astetik aurrera
Ipuin kontaketa saioak datorren asteazkenean, hilaren 8an, hasiko dituztela jakinarazi dute bestalde liburutegiko arduradunek. 4 eta 7 urte arteko haurrei begira Mikel Susperregik hasiko du udazkeneko kontaketen sasoia, Ipuin traketsak kontaketarekin. Hilaren 15ean Pello añorgak zapatagorri kontatuko die haurrei eta hilaren 29an berriz, Eñaut Gorbearen txanda izango da, Hala bazan edo ez bazan… lanaren kontaketarekin. 18:15ean hasiko dira ipuin kontaketa guztiak.
Literatur solasaldiak ere hilabete honetan hasiko dituzte udako etenaldiaren ostean. Hilaren 22an egingo dute lehena, euskaraz, eta Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak liburuaren gainean arituko dira parte hartzaileak.
Ipuin kontaketa saioak
- Hilak 8, asteazkena: Mikel Susperregi. Ipuin traketsak.
- Hilak 15, asteazkena:Pello añorga. Zapatagorri.
- Hilak29, asteazkena: Eñaut Gorbea. Hala bazan edo ez bazan…
- Azaroak 5, asteazkena: Maite Franko. Brankatapun.
- Azaroak 12, asteazkena: Lur Korta. Aurorita beti polita.
- Azaroak 19, asteazkena: Lupe Lekuona. Untxitxo Txuria.
- Azaroak 26, asteazkena: Ines Bengoa. Munduko ipuinak.