'San Juan' baleontziaren mesana –baleontziaren oihalik garrantzitsuenetakoa– babestuko du Espainiako itsas ingeniarien eta ingeniari ozeanikoen elkarteak (AINE).
Larunbatean sinatu zuten elkarlan hitzarmena, Albaolako Itsas Kultur Faktorian. AINEren izenean Euskadiko Itsas Ingeniarien Elkargoko Dekano Guillermo Martinek sinatu zuen hitzarmena, eta Albaolaren izenean Xabier Agotek, elkarteko presidentea. Hitzarmena sinatzeko ekitaldian 25 ingeniarik hartu zuten parte.
Hitzarmena sinatuta AINE ‘San Juan’ baleontziaren proiektua lagundu eta babesten duten kolaboratzaileen sarean txertatu da. Horrez gain, mesana babestuta Donostia 2016ren Hiriburutza proiektua laguntzen du.
Kolaborazio modu hau, ‘San Juan’ baleontziaren eraikuntzan laguntzeko enpresa eta norbanako orori zabalik dago.