'El faro del silencio' liburua aurkeztu dute Albaolan
Ibon Martinek idatzitako bigarren liburua Pasaian girotuta dago; egileak esan duenez, "eskandinaviar erara egindako eleberri beltza da"
Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria eta Albaolako buru Xabier Agote ondoan zituela aurkeztu du Ibon Martin idazle donostiarrak bere bigarren eleberria; Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari Garazi Lopez Etxezarreta ere bertan izan da, eta ez kasualitatez. Liburuak kontatzen duen istorioa Pasaian kokatuta dago, eta liburuko protagonista Albaola elkarteko boluntarioa da. Aurkezpenean esan dutenez, liburua “udalerriaren sustapenerako elementu interesgarria” suerta daiteke.
Horrez gain Martinen hurrengo proiektuaren berri ere eman dute, eta aurreratu dutenez, ‘San Juan’ galeoiari buruzkoa izango da. Eraikitzen hasi zenetik Kanadan hondoratu zen arteko eleberri historikoa sortuko du Martinek eta liburua idatzi aurreko dokumentazioaren bilatze lanean Jon Maia bertsolaria du laguntzaile. Asmoa litzateke galeoiaren uretaratze egunerako liburua argitaratzea.