Euskararen Nazioarteko Egunari begira hainbat ekitaldi antolatu arren, euskararen lanketa urte osokoa da.
Euskararen aldeko leloekin pankarta osatu zuten hilaren 3an.
Abenduaren 3a egun berezia izan zen Cristobal Gamon ikastetxean, egunero euskararekin duten borrokan egun berezia. Euskararen Nazioarteko Egunarekin lan handia egin dute zentroan aurten ere, haurrek euskararekiko duten konpromisoa ahaztu ez dezaten. Andoni Osoro zuzendariaren esanetan, «hezkuntza zentroa izanda eta euskal sistema publikokoa, lehentasuna da euskararen lanketa», baina onartu du «oso zaila» dela, familia askotan euskarak ez duelako gero jarraipenik eskolatik kanpora. Horregatik, Cristobal Gamon ikastetxeko 50 irakasle eta hezitzaileek egunero lan egiten dute bereziki horretan.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea da Cristobal Gamon, Errenteria-Oreretako Kaputxinoak auzoan dagoena. 560 haur joaten zaizkie egunero ikastera, gehienak giro erdaldunetik. Joan den astean antolatutako ekintzen artean, euskararekiko konpromisoa sinatu zuten haurrek, euskaraz mintzatzeko konpromisoa. «Euskaraz jakin badakite, baina erabiltzea da kontua, eta ez mugatzea eskolara. Hori da helburua», erantsi du Andonik.
Euskararen Egunaren asteko ekitaldi arrakastatsuenetakoa Lehen Hezkuntzakoek egindako euskaraokea izan zen. «Aste osoan egin zuten, patioaren orduan», azaldu du. Horrez gain, patioa dinamizatzeko hainbat jarduera antolatu zituzten eta geletan ere lan handia egin zuten: esaterako, gela edo maila bakoitzeko lelo bat aukeratu zuten, karteletan jarri eta kalera irten ziren tabernetan eta beste leku publiko batzuetan kartel horiek jartzera. Lelo horiekin gainera, pankarta handi bat osatu zuten, eta ikasle guztiek sinatu zuten bertan, bakoitzak bere gelaren leloaren ondoan, euskara erabiltzeko nahia azalduz.
Horrez gain, emanaldi txiki bat izan zuten ostiralean, eta bertsoak, eta dantza, eta Behin betiko abestu zuten denek batera. Egun horretako bideoa dagoeneko cristobalgamonlhi.hezkuntza.net webgunera igo dute, webgune hori izaten baita euskara lantzeko Cristobal Gamonen erabiltzen duten tresnetako bat. Bertan, gainera, 4, mailakoek darabilten irrati proiektua ezagutzeko aukera dago. Irratiarekin ikasleak oso inplikatuta daudela aitortu du zuzendariak.
Nagusiek bai, orduan «guai»
Zuzendariaren ustetan, «egunero borrokatu behar» izanaren arrazoietako bat da erdararen prestigioa euskararen aldean, eta telebistan eta kalean entzuten dena aipatu du adibide bezala. Gainera, haurrek nagusiei entzuten dietena jarraitzen dutela erantsi du, «nagusiek egiten dutena ‘guai’ delako».
Horregatik, atzo Cristobal Gamonen egitekoak ziren ekintzarekin ilusionatuta zegoen. «Bigarren Hezkuntzakoak, eurek proposatuta, Lehen Hezkuntzako zentrora etorriko dira eta tutoretza lanak egingo dituzte, txikiek ikus dezaten handiek euskaraz egiten dutela». 5 urteko haur bakoitzeko DBHko ikasle bana, eta Lehen Mailakoekin bi ikasleko tutore bat elkartuko ziren atzo, eta elkarrekin Gabonetako eskulanak egin zituzten.
Hala, euskarak eskolaz kanpoko ordutegitik haragoko bidea egin dezan bi ekimen garrantzitsu bateratuko dituzte: batetik, Euskararen Egunarekin hartutako konpromisoa, eta bestetik, nagusiekin euskaraz egitea ‘guai’ dagoela ikusiko dute. Bi ekintza horiek bat datoz Haur eta Lehen Hezkuntzako Cristobal Gamon ikastetxean duten helburuarekin, hots, ikasleak euskarara erakartzea hizkuntza hori behin betiko propio senti dezaten.