Oiartzunen, 30 orduz jarraian pilotan ariko dira
Hilaren 26an 14:30ean hasiko dira partidak, eta hortik aurrera 30 orduz jarraian ariko dira pilotak dantzan. Iniziatiba irekia da, eta doan eman daiteke izena.
Oiarpe, Txost eta Girizia pilota elkarteek jarduera berezia antolatu dute hilaren 26tik 27ra. Oiartzungo hainbat pilotalekutan, 30 orduz jarraian, partidak antolatu dituzte. Pilota afizio handia dago herrian, eta pilotariak ere badaude. Horren erakustoki izango da iniziatiba erraldoia. Hilaren 26an hasiko da Madalensoron jaialdi handia, eta Kontzejupean bukatuko da 27an. Bien artean, hamarnaka partida eta ehunka pilotari kirolaz gozatzen.
Pilotariak oiartzuarrak izango dira, eta hainbat modalitatetan jokatuko dituzte partidak: eskuz, pasakan, joko garbian, errebotean, paletan (gomazko, larruzko eta tenis pilotekin). Abenduaren 26an 14:30ean hasiko dira partidak Madalensoron antolatzaileen arteko pala partida batekin. Pilotaren jaia Kontzejupean bukatuko da, partaide guztien arteko barren edo kalerako jokoarekin, eta argazki erraldoiarekin.
Iniziatiba doan eta irekia da. Antolatzaileak ari dira partiden ordutegia ezartzen herriko pilota taldeetako kideen partidekin, baina esan dutenez, eta iniziatiba irekia den heinean, oraindik badago izena emateko aukera. Horrela, partaide guztiei egunerako propio prestatu duten elastiko bana emango diete.
Izena emateko hiru telefono zenbaki helarazi dituzte antolatzaileek. Honakoak dira: 655 86 21 36, 660 50 84 98, eta 656 71 12 75.