11:00etan abiatuko da 3,4 kilometroko mendi lasterketa plazatik. 10:00etan, haurrekin mendi martxa egingo dute Mitxintxolaraino.
2015eko mendiko lasterketen sasoia urtarrilaren 4ean (igandea da) hasiko da, Pasai Donibaneko V. Mitxintxola Mendi Lasterketa probarekin. Itsas Mendi Kultur eta Kirol Elkarteak antolatutako proba 11:00etan abiatuko da Santiago plazatik (bertan eman behar da izena lasterketa hasi aurretik). 3,4 kilometroko lehia da, eta korrikalariak itsas mailatik 332 metrora igoko dira tarte horretan.
Plazan bertan, kontsigna zerbitzua egongo da. Motxilak-eta bertan uzten dituztenek, ondoren, Kantinan jasoko dituzte motxilak, bertan egingo delako sarien banaketa; pintxo beroak eta salda ere izango dira bertan.
Lehia 11:00etan hasiko bada ere, 10:00etan haurrekin mendi martxa egitea proposatu dute Itsas Mendiko kideek, plazatik abiatuta Mitxintxolaraino.
Sariak, esan bezala, behin proba bukatuta Kantinan (Jaizkibelgoan) emango dituzte. Lehen emakume eta gizonak txapela jasoko dute, eta gainera, parte hartzaileen artean mariskada bat zozkatuko da.
Informazio gehiago lasterketaren webguneetan aurki daitezke:
www.pasaidonibane.com. eta
www.wikiloc.com (mitxintxola igoera).