Oiartzungo Udala: "Gisa honetako eskubide urraketak gaitzesten ditugu"
Gaurko polizia operazioaren harira, eta bereziki Onintza Ostolaza oiartzuarraren atxiloketa salatzeko, Oiartzungo Udalak balorazioa egin du. Honakoa da, hitzez hitz:
“Oiartzungo Udalak salatu nahi du gaur goizean Euskal Herriko zenbait herritan, tartean Oiartzunen, izan den sarekada poliziala. 16 euskal herritar atxilotu dituzte dagoeneko, “terrorismo” delituak egotzita. Guztiak euskal preso eta auzipetu politikoen abokatuak dira.
Atxilotu guztiei eta euren ingurukoei babesa adierazi nahi die Oiartzungo Udalak, bereziki Onintza Ostolaza herrikideari. Oiartzungo Udalak gure herrian bake prozesuaren eta normalizazioaren kontra egiteko baino balio ez duten gisa honetako eskubide urraketak gaitzesten ditu.
Honez gain, gaur herrian 12tan eta 20:00etan Doneztebe plazan izango diren elkarretaratzeekin bat egin du Udalak. Parte hartzera deitzen ditu herritarrak”.