Hilaren 24an, larunbata, egingo du Allerruk albumaren aurkezpena Plazetan 12:00etan. Allerruko jokalariei albumak banatuko dizkiete eta lehenengo sobreak erosi ahalko dira.
Kromo kolekzioa eta albuma izango ditu Allerruk, eta horrenbestez, talde, jokalari eta entrenatzaileek euren kromo pertonalizatua izango dute. Kirola, talde lana, esfortzua, egunerokotasuna, adiskidetasuna, hobetzeko izpiritua, eta heldu eta haurren arteko komunikazioa islatuko dituela kolekzioak esan dute Allerruko arduradunek.
Jokalariei ez ezik, bazkide, zuzendaritza, guraso, entrenatzaile eta babesleei aipamen berezia egin die elkarteak, “ilusioa eta modu batera zein bestera bakoitzak bere ekarpena egin duelako kolekzio honetan”.
Hiru salmenta puntu
Albumak doan banatuko dira jokalari eta entrenatzaile guztien artean. Beste guztiei lau sobre erostearekin batera emango diete albuma doanik. Sobre bakoitzak euro bat balio du eta sei kromo ditu. Salmenta puntuak berriz hiru izango dira: Plazetan bertan, Markos Okindegia eta Famipan Okindegia. Saltoki horiek modu boluntarioan eskaini diotela laguntza Allerruri nabarmendu du elkarteak eta eskerrak eman dizkie.