Istripu arriskua sahiesteko lanak hasi dituzte Altamirako biribilgunean
Seinalizazioa eta argiztapena hobetzen ari dira oinezkoen segurtasuna bermatzeko
Istripu arriskua sahiestu nahi du Lezoko Udalak Altamirako biribilgunean, eta hori lortze aldera lanak hasi ditu. Zebrabideen seinalizazioa hobetzea lehentasunezkoa dela zehaztu du udalak: “Neurri honekin, Iruneranzko norabidean, tunelaren sarreran, eta Donostiarako norabideko irteeretan dauden zebrabideak seguruagoak izango dira oinezkoentzat”. Argiztapena ere hobetu nahi dute, “iluntze partean mugatua baita”.
17.973 euroko aurrekontua bideratu du udalak seinalizazio lanak egiteko Altamirako biribilgunean. Hartuko dituzten neurri horiek behin behinekoak izango direla zehaztu du azkenik, “Gipuzkoako Foru aldundiarekin elkarlanean behin betiko konponbidea adostu arte”.