Eusebio Lasa, Anjel Mari Elkano eta deklaratzera deitu zuten Manu Ugartemendiari elkartasuna adierazi diote, EH Bildu, EAJ eta Ezker Anitzaren aldeko botoekin. Horrez gain, Inauteriei 3.000 euro gehiago bideratzeko proposamena aurrera atera zen, ez ordea Errenkoalderen mozio bat.
Urtarrileko ohiko plenoa egin zuten atzo arratsaldean Errenteria-Oreretako udaletxean. Zortzi puntu jorratu zituzten zinegotziek, eta azken aurrena izan zen mamitsuena. Orain dela bi aste hastekoa zen 04/08 sumarioaren epaiketari buruzko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, baina EAJk transakzionala aurkeztu eta hori aztertu zuten.
Bilduko zinegotzi Garazi Lopez de Etxezarretak mozioa bere testuinguruan kokatu zuen. Horrela, euskal presoen hainbat abokaturen kontrako sarekada aipatu zuen, Anjel Mari Elkano eta Eusebio Lasa oreretarrak epaitzen hasiko ziren egun berean bertan. Aste horretan bertan, 2013an Herriaren kontrako operazioan atxilotutako Manu Ugartemendia herritarra ere Guardia Zibilak Intxaurrondon duen kuartelera deitu zuten deklaratzera. “Errenteria-Oreretaren kasuan, baita Euskal Herrian ere, horrelako kasuak alde batera uzteko lanean aritu gara. Epaiketa politikoak soberan daudela uste dugu”, esan zuen Lopez de Etxezarretak. Bide batez, elkartasuna adierazi zien hiru herritarrei.
EAJko Maite Peñak irakurri zuen adostutako mozioa, bost puntukoa. Horrela laburbiltzen dira:
- Udalak Espainiako Gobernuaren estrategia politiko-judiziala salatzen duela adostu zuten. “ETAk armak utzi eta hiru urtera, haren jarduera bukatu dela ziurtatzeko ez du inolako borondaterik”, gaineratu zuen.
- Horrelako sumarioak irekitzearen larritasuna salatzen dute.
- Espainiako Gobernuak epaileei egindako presioak salatu dituzte, eta Europako epaiak ez errespetatzea arbuiatu dute.
- Bizikidetzan oinarritutako etorkizuna. Bakoitzak bere ardura aitor dezala, eta bakea eraiki dadila.
- Lasa eta Elkanorekin elkartasuna. Epaiketa “bidezkoa” ez dela esan dute, eta Ugartemendiari ere elkartasuna adierazi diote.
Hitz egin ez zuten eledunek hartu zuten hitza. Horrela, Ezker Anitzako Jose Manuel Ferradasek epaiketa horien atzean “bultzada politikoa” ikusten du, eta PPren gobernua “irrigarri” geratzen ari dela uste du. PPko Chema Herzogek, aldiz, esan zuen zuzenbide estatuaren “berme guztiak” dituztela auzipetuek, eta udal ordezkariak beste boteretakoak epaitzeko inor ez direla uste du. “Guk beste gai batzuk lantzen ditugu, baina elkartasuna adierazten diegu, beste edozein herritarri bezala”, gaineratu zuen PPkoak.
PSE-EEko Jose Angel Rodriguezek, lehenik eta behin, adierazi zuen ez zela lantzen ari ziren emendakina. Alde batetik, elkartasuna adierazten dietela jakinarazi zuen. “Euskal gizarteak aspaldi egin zuen bakearen aldeko lanaren hautua, baina batzuk bidean geratu ziren”, azaldu zuen sozialistak, bestetik. “Abokatuen kontrako operazioaren izaera zalapartatsua ez zitzaigun gustatu, baina ez da euskal herriaren kontrako erasoa. Horregatik, batzuek lehen zioten bezala, ‘ez gara eroriko gaitzespen antzuetan'”, esan zuen. Eta ohartarazi zuen ETA desegiten ez den bitartean, horrelako epaiketek jarraituko dutela.
Julen Mendoza alkateak bi alderdi horien aldetik “zerbait gehiago” espero zuen. “Ardurak ez dira besteari pasatu behar; bakoitzak berea hartu behar du. Zuek horri muzin egiten diozue”, esan zuen. Bere ustez, hiru herritar horiek “lasaitasuna” hartuko lukete mozioaren alde denek bozkatuko balute. Horrez gain, Rodriguezi adierazi zion “perbertsoa” iruditzen zaiola zuzenbide estatua defendatzea, “eta aldi berean esatea beste gauza bat egin balitz, ez liratekeela horrelakoak gertatuko”.
“Elkanorekin kezka”
Herritar talde baten izenean, Koro Mitxelenak idatzi bat irakurri zuen. Bertan Elkanoren egoeragatik “kezka” azaldu zuten, eta epaiketak bakegintzari onik ez diola ekarriko uste dute. “Gure ustez, gertatutakoa ezin da ahaztu, eta ezer gertatu ez balitz bezala aurrera begiratu”, esan zuen. Euren esanetan, “eragindako sufrimendua aitortzea” eta “horrelakorik berriro gerta ez dadin saiatzea” dira aurrera begira egin behar direnak.
Herritar talde batek auzipetuei babesa eman zien
Sinatzaileek Anjel Mari Elkanorekin elkarlanean aritu direla jakinarazi zuten, “desberdinak izanik bizikidetzari onuragarriak izan zitezkeen urratsak ematen”. Ekintza politikoa kriminalizatu ezin daitekeela berretsi zuten, eta bestearen onarpenean oinarritutako etorkizunaren aldarria egin zuten. Elkano aske ikusi nahi dutela nabarmendu zuten eta alderdiei jarrera “bateratua” eskatu zieten. Estatuko eragile batzuek “besteen begietan lastoa” bilatzen dutela kritikatu zuten, eta hausnarketa eskatu zieten.
Horiek horrela, bozketan EH Bilduk, EAJk eta Ezker Anitzak alde bozkatu zuten, eta PPk kontra. PSE-EE abstenitu egin zen.
Errenkoalderen mozioa
Epaiketena ez zen udalbatzarreko mozio bakarra izan. EH Bilduk Errenkoalderen mozio bat aurkeztu zuen, hainbat merkatari zein kontsumitzaile elkarteek eta Hego Euskal Herriko lau sindikatu nagusiek izenpetuta. Horrela, jaiegunetan dendak irekitzeko dagoen trikimailu legala salatzen dute. Izan ere, eremu bati balio turistikoa aitortzen bazaio, bertako dendek egun horietan ireki dezakete. Bilbon, esaterako, bost eremu izendatu dituzte. Gainera, mozioaren sinatzaileek uste dute Eusko Jaurlaritzak dituen merkataritza eskumenen “inbasioa” dela legea.
Bilduren aldetik, Lopez de Etxezarretak salatu zuen merkatal eremu handiei “mesede” egiten diela legeak, eta bertako langileria “oso feminizatua” dagoela, lan baldintza kaskarrak edukitzeaz gain. “Komertzio txiki eta ertainak nahi ditugu, gure herrietako kaleetan”, gaineratu zuen.
PSE-EEk eta EAJk puntuz puntu bozkatzea eskatu zuten. Errenkoaldeko inor ez zegoenez, ezinezkoa izan zen aldatzea. Horrela, lehenengo puntua —Jaurlaritzaren eskumenei buruzkoa— defendatu zuten biek ala biek, baina Peñak esan zuen legebiltzarrean aurrerapenak egin direla horri aurre egiteko. Bigarren puntuan, Bilboko bost eremuena, jeltzaleek ez dute begi txarrez ikusten erosketa eremuak zedarritzea. Sozialistek, aldiz, Bizkaiko hiriburuari buruz hitz egitea “hankarik eta bururik ez” duela uste du. Ferradasen iritziz, legeak ez dio autogobernuari erasotzen, eta gainontzekoarekin bat etorri zen.
Bozketa ez zen aurrera atera. PSE-EEk eta EAJk euren botoak batu zituzten, eta EH Bildurenak eta Ezker Anitzarenak gainditu zituzten. PP abstenitu egin zen.
Inauterientzako diru gehiago
Lehenengo lau puntuak eta azkenekoa tramite hutsa izan ziren. Horrela, sakonean jorratu zuten beste puntua Inauterietakoa izan zen. Jaien aurrekontuari 3.000 euroko gehikuntza bat egitea mahai gaineratu zuten. Bozeramaile jeltzaleak “kritika konstruktiboa” egin nahi izan zion Udal Gobernu Taldeari. “Formak ez dira egokienak izan. Ogasun batzordean jaso genuen horren berri, eta kulturakoaren berri zehazki ez dugu”, esan zuen Peñak. Hori bai, proposamenarekin bat zetozela nabarmendu zuen.
PSE-EEko eledunak hartu zuen gero hitza. “Ez dakigu zein den aurrekontuaren luzapena zein den, eta gehikuntza eskatzen digute. Ezin dugu hori onartu”, esan zuen Rodriguezek. Inauterien kontra “ezer ere ez” ez dutela argi utzi nahi izan zuen.
Irune Balentziaga Kultura Saileko arduradunak esan zien eragileekin lan egiten dutela, eta Inauteriak baino lehenago ahalegintzen direla dirua aurreratzen, “nahiz eta, seguruenik, ez den eragileei laguntzeko nahikoa”. Peñari erantzun zion, gainera: “Ogasun batzordea asteazkenetan egiten da, eta kulturakoa ostegunetan. Horregatik jakinarazi zen lehenago”.
“Bihotza erdibitua dugu”, esan zuen PPko Herzogek. “Alde batetik, Inauteriak ahalik eta ederrenak izatea nahi dugu, baina, bestetik, erakundeak eredugarriak izan behar dugu”, gaineratu zuen. “Ezin ditugu aurrekontuak luzatu, eta gero beharraren arabera eskua tiraderan sartu”. Alkatea haserrarazi zuen horrek: “Akusazio larria da hori. Kritika politikoa zilegi da, baina delituak egoztea ez. Muga hori ez pasatzeko eskatu genuen, baina ez zarete betetzen ari”.
Aurrekontuen luzapen automatikoari buruz —horrela da legez, lehenago onartzen ez badira— ika-mikan aritu zen gero Rodriguezekin, kontu-hartzaileak parte hartu zuen arte: “Alkateak dekretua atera behar du finantza zama gehien dutenentzako. Foru funtsaren partida handiagoa da aurten, eta horrelako kasuetarako dirua erabili daiteke. Iazko kontuak likidatzean, orduan egin behar dira dekretuak”.
Bozketan, EH Bilduk, EAJk eta Ezker Anitzak alde bozkatu zuten, eta 3.000 euro gehiago bideratuko dizkiete Inauteriei. PSE-EE eta PP abstenitu egin ziren.