Zaharberritze lanak igerilekua energetikoki eragimkorragoa egingo dute. Gaur zabalduko dute erabiltzaileentzat.
Altzate igerilekua lanak amaituta
Altzate igerilekuak gaur zabaldu ditu ateak zaharberritze lanak amaituta. Aldaketa nagusia itxiturarena izan da. Egitura metaliko mugikorrak narriadura maila handia zuen eta sortutako erdoilak osasun arazoak sor zitzakeela azaldu dute udaletik. Horrekin batera, legez bete behar diren hezetasun eta tenperatura parametroak neurtzea ezinezkoa egiten zuela zehaztu dute. Beroa ere galtzen omen zen zirrikituetatik, “beharrezkoa ez zen energia gastua sortuz”.
350.000 euroko aurrekontua
350.000 euroko aurrekontua izan dute lanek. Tratamendu bereziko egur laminatuzko estalki berria jarri dute igerilekuan. “Estalki berriarekin hezetasuna kontrolpean izango da igerilekuan, isolamendua bermatuko da eta bero galerak murriztu egingo dira”, azaldu dute. Aurrekontuaren erdia Gipuzkoako Foru aldundiak jarri eta beste erdia, berriz, udalak.
Argiztapena ere aldatu dute Altzaten eta energia kontsumo txikiagoa duten eta sentsore bidez kontrolatuko duten LED moduko argiztapena jarri dute. Aireztapenerako instalazio berria ere jarri dute altzaten. Igerilekuko airea berriztatuko du sistemak etengabe aire garbia sartuz eta erabilitakoa atereaz: Makina berriak irteten den airea bota aurretik, aire horren beroa berreskuratzen du eta sartzen den aire garbia berotu. Bero horrekin gainera igerilekuko ur hotza ere berotzen da. Sistema honek energia asko aurrezten du”.
Garabia, mugikortasun arazoei aurre egiteko
Igerileku txikian iristagarritasuna bermatzeko garabia jarri dute, bestalde. Mugikortasun arazoak dituzten herritarrei begira hartu du neurri hori udalak zaharberritze lanak egiterakoan. Altzate Igerilekuko ura berotzeko eguzki panelak jartzeko asmoa duela jakinarazi du udalak azkenik, “etorkizun hurbilean egingo dugun urratsa izango da”.