Sutea tiro eremu militarrean piztu zen iazko martxoan, guardia zibilaren artezilariak material pirotekniko zaharra suntsitzen ari zirela
Guardia Zibileko kabo bat eta beste bi kide datorren otsailaren 4an (asteazkenean) Donostiako 3. Instrukzio Epaitegian deklaratzera deitu dituzte, iazko martxoaren 10ean Jaizkibelen piztu zen sutea dela eta, Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez. Sute haren ondorioz, 5,5 hektarea kiskali ziren Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu batean. Fiskaltzaren ustez, sutea eragin izana ingurumenaren kontrako delitua izan daiteke.
Jaizkibelgo tiro-eremuan piztu zen sua, orain deklaratzera deitu dituzten guardiak material pirotekniko zaharra suntsitzen ari zirela. Eguzkik salatu du “zentzugabea” dela Kontserbazio Bereziko Eremu izendatutako natur-gunean, tiro-eremua mantendu eta leherketak egiten jarraitzea, eta hori dela eta, tiro-eremua ixtea eskatu dute beste behin. Edonola ere, eremua behin betiko itxi bitartean, neurriak hartzeko eskatu dute “aurrerantzean suteak edo beste ezbeharrak gerta ez daitezen”. Bermerik ezean, jarduna behin-behinean eteteko eskatu du Eguzkik.
Sute ugari, zigor gutxi
Poza agertu du talde ekologistak guardia zibilak deklaratzera deitu dituztelako. Eguzkik gertaerak salatu zituen bere egunean, eta diligentzietan parte da. “Ez dakigu hemendik aurrera epaileak zer erabakiko duen, baina behingoz sute baten ustezko erantzuleak identifikatu eta deklaratzera behintzat deitu dituzte”, adierazi dute.
Talde ekologistak nabarmendu duenez, 2002tik soilik Jaizkibelen 60 bat sute gertatu dira, eta gehienak nahita piztutakoak izan arren kasu gehienetan ez da zigorrik ezarri, ez eta ikerketarik egin.
Tiro-eremuan topatutako balak
Habitat babestuak
Europar Batzordeak 1997an Jaizkibel Batasunaren Intereseko Leku izendatu zuenetik asko izan dira tiro eremua ixteko altxa diren ahotsak, eta are gehiago, Eusko Jaurlaritzak 2013an ingurua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuenetik. Jaizkibelgo KBEn 16 habitat babestu, 35 fauna espezie eta 5 flora espezie identifikatu dituzte.
Guztira, 2.470 hektarea hartzen ditu babestutako eremuak; horietatik % 61 Hondarribikoak dira, % 33 Pasaiakoak eta % 6 Lezokoak. 2.470 hektarea horien artean daude tiro-eremukoak, orotara, 335 hektarea.
Pasaiako Udala –tiro-eremua bertako udalerrian dago–, Foru Aldundia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak dagoeneko agertu dira tiro-eremua ixtearen alde.
Suteak eragindako kalteak
Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren txostenaren arabera, sute hark 5,5 hektarea basobera kiskali zituen. Basobera hartan txilarra eta ametza zeuden. Txilardia zein ameztiak intereseko habitatak dira eta zerikusi zuzena dute Jaizkibel Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu izanarekin, helburuetako bat habitat horiek zaintzea eta indartzea delako. Adituek diotenez, erre zen eremuan oteak eta txilarrak lauzpabost urte beharko dituzte sute aurreko egoerara itzultzeko, eta ametzak zazpi edo zortzi urte inguru.