
Jokalariak, aldagelan, garaipena ospatzen.
Larri gaixo dago Oiartzun Kirol Elkartearen gizonen talde nagusia, Hirugarren Mailakoa, baina botika egokia topatu du: garaipena. Larunbatean Bermeoren etxean 1-2 irabazi zuen, nahiz eta atsedenaldian 1-0 galtzen joan, baina Iban Pikabeak eta Endika Basasorok bigarren zatian sartutako golek behingoz justizia egin zuten. Fedea izan zuten garaipenean, eta lortu. Botika egokia zein den jakinda, orain hori erabiltzen jakin behar da.
Izan ere, Hirugarren Mailako azken postuan jarraitzen du Oiartzunek, oso zail izango du mailari eustea. Baina behintzat ez dadila gogo eta borroka faltagatik izan, kalitatea badagoelako. Bermeoko bigarren zatiarekin gelditu behar dira jokalariak, hori izan behar dute buruan liga bukatu arte puntuak pilatzen joateko. Maiatzean ikusiko da zer gertatzen den, baina borondate faltagatik ez dadila izan porrota, ekina eta grina nahikoa ez direlako izan baizik.
Hurrengo partida etxean du Oiartzunek, Zallaren kontra. Sailkapenaren goialdean daude bizkaitarrak. Hiru puntuak lortuz gero, gaixoa larritasunetik ateratzeko bidean egongo da.
Sasoiko bigarren garaipena Edu kirol zuzendariari eskaini zioten jokalariek. Haren aita berriki hil da.