Joxe Iriarte 'Bikila'-k Gorripideako hainbat kidek Alternatibarekin zergatik bat egin duten azaldu du

Joxe Iriarte ‘Bikila’
Gorripidea mugimendu politikoko hainbat kidek Alternatibako militante izateko erabakia hartu dute. EH Bilduren barrukoak izango dira, beraz. Kide horien artean daude Oarsoaldeko ezkerreko militante batzuk, tartean Joxe Iriarte
Bikila, Mikel Martin, Kepa Olaiz, edo Joxemari Carrere. Bikilak (Errenteria-Orereta, 1945) eman duten urratsaren xehetasunak eman dizkio HITZA-ri.
Zutik, Gorripidea, eta orain Alternatibako kide. Hortaz, EH Bilduren barruan zaudete zu, eta zurekin batera Gorripideako hainbat militante.
Zutik taldea desagertu zenean, Gorripidea jarduera politikoarekin jarraitzeko tresna izan zen guretzat. Baina oso garbi genuen hori behin-behinekoa izango zela, ez zuela toki handirik hemengo esparru politikoan. Hala ere gure bidea egin dugu Gorripidean, kalean egon gara, eztabaida politikoan eragile izan gara. Orain, aukeretako bat zen Gorripidea guztiak norabide bat hartzea, baina ez da horrela izan. Norabide ezberdinak hartu dira. Guk hautu bat egin dugu: Gorripideak bere izaera politikoa galduko du, eta bilakatuko da talde sozio-kulturala; eta politikoki, batzuek erabaki bat hartu dute, eta beste batzuek egin dugu Alternatibaren eta EH Bilduren aldeko hautua.
Zergatik?
Gaur egun pauso kualitatiboak eman behar dira, egoera larrian gaudelako: erregimena krisian dago, konstituzio prozesua aurrera daramate Katalunian, eta Euskal Herrian ere hasi gara hori lantzen Euskal Bidearekin. Eta gainera, egoera sozioekonomikoa inoiz baino larriagoa da. Hortaz, oso garrantzitsua da kalean eta erakundeetan ezker subiranistako helburuak eta bideak indartzea. Hasiera batean eztabaidatu genuen ea zuzenean EH Bildun sartuko ote ginen, baina erabaki genuen Alternatibaren bidez sartzea koalizioan.
Zergatik ez eman urrats hori zuzenean?
Trantsizio garaian dago EH Bildu, denborarekin finkatuko da, eta guk taldea indartuko dugu. Baina erabaki genuen trantsizio garai horretan beste talde batean finkatu behar genuela, eta guretzako hurbilena Alternatiba zen. Horregatik emandako erabakia. Gorripideatik Alternatibara goazen jendea militantzia esperientzia handiko jendea gara, batez ere mugimendu sozialetan eta kaleko borrokan. Oarsoaldeko hainbat kide ezagunok hartu dugu erabakia.
Hauteskundeei begirako erabakia da?
Ez. Gu sartu gara Alternatiban arnas luzeko egitasmo batean parte hartzeko, hauteskunde testuingurutik harago, alegia. Horrek ez du esan nahi hauteskundeei ez diegula garrantziarik ematen. Gure helburu estrategikoa da gizartea aldatzea, eta hori aldatzeko hauteskundeak esparru bat dira, baina ez dute asetzen jarduera politiko osoa.
Zuek Alternatibara zoazte. Zer erabaki dute beste kideek?
Badakit zer erabaki duten, baina haiek esan dezatela zer erabaki duten. Hautua libre da. Hala ere, haiekin harremana izaten jarraituko dugu, ezkerraren batasunaren bidean. Ezker guztia ez dago EH Bildun, ezta Podemosen, ezta Alternatiban ere. Ezkerreko jendea badago talde handietan finkatzen ez dena, kolektibo anitza da, zeharkako militantziarekin.