Inauteriak, gaurtik, Oiartzunen
Gaur ikastetxeen txanda izango da, eta bihar, herritarrena
Inauterien barruko ekitaldiak gaur hasiko dira Oiartzunen. Goizez Haurtzaro Ikastolako haurrek herritik desfilea egingo dute, eta 12:30ean Elizalde Herri Ikastetxeko kideek emanaldia egingo dute Madalensoron.
Bihar, Abaraxkaren zirkuak hartuko du herria arratsaldean, eta gauez, Oiartzungo Tabernari Elkartearen eskutik, gaua girotzeko mozorro lehiaketak izango dira. Honakoak dira biharko hitzorduak:
- 16:30ean, Abaraxka Zirkua jarduera egingo dute Abaraxka ludotekako kideek. Ludotekan elkartuko dira haurrak eta familietako kideak, handik herriari bira eman, eta bukatzeko plazan ikuskizuna egingo dute. Zirkuarekin harremana duten pertsonaiez mozorrotzeko deia egin du Abaraxkak.
- Gauean, berriz, Oiartzungo Tabernari Elkarteak antolatuta, mozorro lehiaketa egingo dute herriko zortzi tabernatan, eta talde mozorro onenari saria eta norbanako onenarena izango dira.
