"Kudeaketarako gaitasun eza" isekekin estali nahi izatea leporatu dio EAJk gobernu taldeari

Otermin eta Rios egindako agerraldian
Kritika politikoa onartu ordez irainetara jo izana kritikatu du EAJk eta lehendik esandakotan berretsi dira: “Udal funtzionamendu gastu eta pertsonal gastu handienetarikoa duen udalerrietako bat da Pasaia”, salatu dute, eta gastuak Antxoko frontoiko zein Donibaneko eraikin soziokulturaleko mantenu gastuak ordaintzeko ez ezik, atez ateko sistemaren mantenu gastuak zein kale garbiketan aritzeko kontratatu dituzten 15 langileen soldatak ordaintzeko ere badirela ohartarazi dute.
Halaber, “ohiko udal jardunak gauzatzeko udal gobernu taldeak kanpo enpresak” kontratatzen dituelako kexu agertu dira jeltzaleak, Pasaia kontratazio horietan “diru gehien gastatzen duen udalerrietako bat” dela nabarmenduz. Horrez gain, “aurrezteko gaitasunik ez” izatea leporatu diete eta “aurreikusitako gastu eta inbertsioei aurre egiteko nahikoa gaitasun ez izatea”.
Osoko zuzenketa
EH Bilduk hilaren bukaeran plenora eramango duen aurrekontu proposamenaren harira EAJk iragarria du bere osoko zuzenketa. “Aurrekontu proiektu orekatua izango bagenu, prest geundeke eta gustura egingo genituzke pasaitarren egunerokotasuna hobetuko luketen proposamenak”, adierazi du jeltzaleen alkategaiak, eta jarraian, “aurrekontuetan talde jeltzaleak gehituko lituzkeen hainbat proposamen” aipatu ditu, besteak beste: Eskalerillaseko irisgarritasuna hobetzeko igogailua, haur jolastokiak txukuntzeko partida edota Arrokaundieta merenderoa hobetzekoa.