Oier Gonzalez eta Markel Ormazabal preso ohiak kartzelan bizitako etapaz mintzo dira ikuskizunean

Markel Ormazabal. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Burdin hariak eta plastikozko goilareak (Maitasun lubrikatua) olerki saio musikatua hartuko du Gezalak ostiralean. Oier Gonzalez Durangarra eta Markel Ormazabal Donostiarra, preso ohiak biak, espetxean emandako etapaz mintzo dira bertan. Gaztaroko zati handia eman dute Ormazabalek eta Gonzalezek kartzelan eta saioak, espetxearen eta preso baten egunerokotasuna ezagutzeko aukera emango die ikusleei.
Kartzela eta kartzela sistemari buruzko gogoeta egiten dute errezitalean bi preso ohiek eurek zein preso diren beste idazleek idatzitako testuen bidez.
Barrikotea Tiñelun
Filmetako irudiekin eta kantuen bertsioekin osatu dute, ostiralean 19:30etik aurrera Gezalan egingo duten ikuskizuna. 45 minutuko iraupena du saioak.
Mirentxin Gidariek antolatuta barrikotea izango da ondoren Tiñelun. Interesdunek Tiñelun eman beharko dute izena.