7-0 irabazi du OKEren emakumeen taldeak Bigarren Mailako lehia. Athletic Bk berdindu duelako, hurbilago dute oiartzuarrek lehen postua

Liderretik bi puntura jarri dira Oiartzungo emakumeak
Jardunaldi biribila izan da asteburukoa Oiartzun Kirol Elkartearen futboleko emakumeen talde nagusiarentzat. Estatuko Bigarren Mailako Ligako partida 7-0 irabazi zuten Gasteizko Aurreraren kontra, eta Athletic B liderrak Añorgaren etxean berdindu zuenez (2-2), lehen postutik, hau da, bilbotarretatik bi puntura jarri dira sailkapenean oiartzuarrak. Lidergoaren bila joango dira hurrengo jardunaldietan.
Igandeko partidaren emaitzak, ordea, ez du osotasunean erakusten bertan gertatu zena. Izan ere, gasteiztarrak indartsu atera ziren zelaira, gol aukerak izan zituzten, baina Oiartzunek egin zuena ez zuten egin: golak sartu. Oiartzungoa joaldi handiko taldea da, eta aukera txikiena ere gol bilakatzeko gaitasuna dute; hori egin zuten igandean: Gasteizkoak gogorrenean zeudenean, lehen gola sartu zuten etxekoek, eta ondoren, bata bestearen jarraian iritsi ziren atsedenaldira 5-0 iritsi arte.
Bigarren zatia tramitezkoa izan zen, lehia erabakita zegoelako. 7-0 bukatu zen partida, eta beste emaitzak ikusita, gorakada izan zen norgehiagoka.
Golen egileak honakoak izan ziren: Evelyn Santosek hiru, Erka Garciak bi, eta Olatz Hoyosek eta Nerea Abancensek bana.