100 kilometro hamalau ordu eta erdian, korrika, Oarsoaldetik eta Bidasotik. Eta dena, gaixorik dagoen Markel Merino hau lezoarraren alde. Arkaitz ‘Kalu’ Ericek, Josu Anduezak eta Iban Angulok jarriko dute izerdia.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Abentura, erokeria, elkartasun keinu handia… Markel Merino haur lezoarra laguntzeko 100 kilometro egingo dituzte korrika, bihartik etzira, hiru lezoarrek. Euren korrikaldiaren eremua Oarsoaldea eta Bidasoa izango dira, abiapuntu eta helmuga Lezo dutela. Arkaitz
Kalu Erice dago dago elkartasun balentria horren atzean, Josu Andueza eta Iban Angulo kirolari ezagunekin batera —Markelen osaba da Angulo—. «Markelek erokeria bat merezi du»; garbi du hori Kaluk. Ez dira horretan geldituko, gainera, hurrengo egunetan Markelen alde egingo diren jarduerak.
Horrela, etziko Lezo-Jaizkibel mendi lasterketaren bigarren ekitaldiko (10:00etan hasiko da) izen emate bakoitzeko euro bat haur lezoarraren alde emango dute; 10:15ean hasiko den haurren lasterketan jasotakoa harentzat izango da, eta aldi berean, hilaren 28an eta Lezon, jaia antolatu dute haurraren alde Bekoerrota kiroldegian.
Bost urte ditu Markel Merinok. Gaixo dago, elbarritasun zerebrala du. Eritasunari aurre egiteko eta haurraren bizi kalitatea hobetzeko Therasuit metodoa aplikatzea da onena, baina garestia da. Horregatik ari dira lezoarraren familia, lagunak, eta ingurukoak, haurraren irribarrea are handiagoa izan dadin lanean, bizitza errazagoa izan dezan borrokan. Eta bide horretan Therasuit metodoa ordaintzeko iniziatibak aurrera ateratzen ari dira duela hilabete batzuetatik; Markelen Irria herri iniziatiba dago horren guztiaren atzean.
Kalu, Markelen familiaren laguna da, korrika egitea gustuko du, eta elkartasun gogoa soberan du. Horiek guztiagatik joango da, Anduezaeta Angulorekin batera, 100 kilometro egitera, plaza, errepide, pista, nahiz menditik.
Hamalau ordu eta erdi
18:30an aterako dira bihar, Lezoko Gurutze Santuaren plazatik, hiru korrikalariak. «100 kilometro egitea otu zitzaidan, baina beste edozer ere etor zitekeen nire burura. 100 kilometro egitea modu merke eta eraginkorra da, nire ustez, Markelen gaiaz jendartea sentsibilizatzeko, eta oro har, laguntza behar duten haurren gaineko elkartasuna indartzeko», esan du Ericek.
Hamalau ordu eta erdiko lasterketa izango da, hiruen helburua baita etzi (igandean) 09:30erako egotea Lezoko plazan, Lezo-Jaizkibel lasterketarekin bat egiteko: hau da, Oarsoaldetik eta Bidasotik 44 kilometroko zirkuitu bati bi bira emango dizkiote, eta azken kilometroak lasterketa horren barruan egingo dituzte, 100.000 metroak osatzeraino.
Hortaz, etzi, badakite jendea izango dutela zain Gurutze Santuaren plazan, lasterketaren barruko partaideak eta haien laguntzaileak bertan izango direlako. Baina biharko irteerarako —18:30ean ekitaldia egingo dute, dantzariekin eta Sutargi Abesbatzarekin; 19:00etan irtengo dira— laguntza eskatu dute, jendea hasierako metroetan haiekin batera korrika ikusi nahi dute, Markelen aldeko indar erakustaldia gauzatu nahi dute. Honakoa da ibilbide zehatza: hasieran Lezotik bira emango dute, gero Errenteria-Orereta, Oiartzun, Aiako Harria Iruneraino, Ola sagardotegia, Irun, Hondarribia, Guadalupeko gaina, Jaizkibel Talaia bidetik, eta handik Lezora itzultzeko; bitan egingo dute bide hori. «Negarrez eta emozionatuta bukatuko dugu. Ia ziur diot hori», aitortu du Ericek.
Behin Lezo-Jaizkibel proba bukatuta, hainbat gairen zozketa egingo dute plazan, 12:00ak inguruan. Goizean zehar horretarako txartelak salduko dituzte boluntarioek.
Hilaren 28ko festa
Bihartik etzirako «erokeriak» segida izango du hilaren 28an. Ez da 100 kilometroen erronka bezain ausarta izango, baina bai eraginkorra. 16:30ean hasita, Bekoerrota kiroldegian, Markelen Irria jaialdia egingo dute, hainbat elementurekin. Jendetza espero dute.
Esaterako, arratsaldea hasteko, Markel Merinoren gaixotasunaren gaineko azalpenak emango ditu aditu batek; Marsel magoaren ikuskizuna hasiko da ondoren; Korri, Xalto eta Brinko pailazo lezoarrek emanaldia egingo dute; haurrentzako rokodromoa izango da; eskulanak eta aurpegia margotzeko aukera ere egongo da, eta gainera, elkartasun pintxo-potea egingo dute.
Bertara joateko sarrerak erosi behar dira, bost euroan. Horiek Lezoko Sorgin tabernan daude salgai, eta Errenteria-Oreretan Xuxurla dendan, Kerala tabernan, eta Ainhoa Garcia ile-apaindegian.
«Bi hilabete dira Therasuit metodoarekin lanean ari direla Markelekin. Hobekuntzak nabaritu dizkiote gurasoek ordutik. Horrek gehiago motibatu nau hau aurrera ateratzera»; konbentzituta dago Kalu Erice Markel Merino aurrera aterako dela, «baina denean bezala, nik bakarrik ezin dut. Denen laguntza da beharrezkoa».
Eta badute laguntza. Izan ere, hilaren 28an askotariko zozketak egingo dituzte kirol talde ezagunek, edo jatetxeek eman