San Markoko arduradunak
«Justua» iruditzen ez zaion kobratzeko modu bat «zuzentzeko» nahiarekin, Oiartzungo Udalak San Marko Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak errekurritu ditu. Atzo jarri zuen udalak demanda Bilboko Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoen epaitegian.
Udalaren arabera, Oiartzunek ez dio zertan ordaindu behar San Markori hainbat zerbitzuren kuota, batez ere atez ateko hondakin bilketa sistemari dagozkionak, Mankomunitateko lehendakari Denis Itxasok hala eskatu arren: «Oiartzunek, eta atez ateko bilketa egiten duten beste bost udalek, zaborraren tratamendurako ematen den zerbitzuaren arabera ordainduko dute. Hau da, udal bakoitzak sortzen duen hondakin kopuruaren arabera egin beharko luke ordainketa».
Horren harira, Oiartzunek iaz San Markori eskatu zion, aurrekontuak tramitatzen ari zenean, zerbitzu orokorren eta herri batzuei ematen zaien zerbitzu berezien diru sarrerak, gastuak eta zerbitzu bakoitzaren balantze ekonomikoa kalkulatzea, «baina Mankomunitateko lehendakariak uko egin zion datu horiek emateari, eta zerbitzu guztiak nahasian zenbatzen ditu».
Oiartzungo Udalak esan duenez, bilketa zerbitzu berezi horiek ia 350.000 euroko defizita izan zuten iaz.
2015ekoak ere, epaitegian
2014koak bakarrik ez. Aurtengo San Markoren aurrekontuei helegitea jarri die Oiartzungo Udalak, kasu honetan Donostiako Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoen epaitegian. Bertan agertzen denez, Oiartzungo Udalaren proposamena da udal bakoitzak San Markotik jasotzen dituen zerbitzuengatik ordaintzea; hau da, Oiartzun, adibidez, salbu gelditzea atez atekoarekin jasotzen dituen frakzioen ordainketatik, «guk gurea atez atekoarekin ordaintzen dugun bezala, beste udalek ordain dezatela jasotzen duten zerbitzuagatik»