Akordioa goraipatu dute EH Bilduk eta Ezker Anitzak, eta desadostasunak azaleratu dituzte EAJk, PPk eta PSE-EEk
Pasaiako zinegotziak, aurrekontuaren bozketan
2015erako aurrekontuen onarpenak era guztietako erreakzioak eragin ditu. Lehengo asteartean onartu zituzten aurrekontuak, Udal Gobernu Taldeak Ezker Anitzarekin lortutako akordioak hala ahalbidetuta, eta alderdi guztiek egin dute balorazioa. Hona horien guztien laburpena:
EH Bildu
Legegintzaldian zehar aurrekontuak urtero aurrera atera dituztela nabarmendu du EH Bilduk, eta onartutako “aurrekontu guztiek ikuspegi aurrerakoia eta ezkertiarra” izan dutela nabarmendu. Zerbitzuak murriztu gabe, eta giza baliabideak optimizatuz, gastu arrunta murriztea lortu dutela defenditu du koalizio abertzaleak, eta udalaren zorpetze maila txikitzea lortu dutela gaineratu. Sektore ahulenen alde egindako lana nabarmendu du EH Bilduk.
PSE-EE
Aurrekontua udalerriak dituen beharrei erantzuteko aproposa ez dela iritzi dio PSE-EEk, eta udal kontuak “koadratzeko trikimailuak erabiltzea” egotzi dio Udal Gobernu Taldeari. Kudeaketarako gaitasunik ez dio aitortzen PSE-EEk EH Bilduri, eta “gastuak egokitu gabe sarrerak asmatu” izana salatu dute. Atez atekoaren aldeko apustuan berresten den aurrekontu bat ezin dutela babestu argudiatuta, bere osoko zuzenketa defendatu du PSE-EEk.
EAJ
Aurrekontua “orekatua” ez dela iritzita, EAJk osoko zuzenketa aurkeztu dio Udal Gobernu Taldearen proposamenari. Aurreikusitako diru sarrerak lortuko direnik ez dute uste jeltzaleek, eta zuhurtzia falta egotzi diote, zentzu horretan, EH Bilduri. Aurrezteko gaitasun eskasa, inbertsioei aurre egitekoa ausardiarik eza, eta funtzionamendu eta langileen gastuak urtero handitu izana argudiatu dituzte, besteak beste, beren kontrako jarreraren defentsan.
PP
Ekonomia sustatzeko neurriak ez aurreikusi izana. Horixe PPk aurrekontuari aurkeztutako osoko zuzenketaren defentsan erabilitako argudioa. Zuzenketa partziala ere aurkeztu zuen PPk, hain zuzen ere, enplegua sustatzeko partida bat txertatu zezatela eskatzeko. Partida hori, baina, euskararen partidaren kaltetan defendatu zuen PPk.
Ezker Anitza
Aurrekontuari esker pasaitarrek gizarte eta kultur gaietan dituzten beharrak hobe erantzun ahal izango direla defendatu du Ezker Anitzak, eta emandako babesa horretan oinarritu du. EH Bilduk bere taldearekin lortutako akordioari esker aurrekontuetan partida “garrantzitsuak” txertatu dituztela nabarmendu du Ezker Anitzak, eta besteren artean, alde zaharretan komertzioa sustatzeko partida, hizkuntza gutxituen sustapena egitera bideratutako dutena edota Zaraten Mapa egiteko aurreikusi dutena nabarmendu ditu.