Berandu baino lehen
Oiartzungo Txost Pilota Taldea raketisten gaineko ikerketa lanean
Galdera horiei erantzuna emateko ari dira lanean batez ere Juanes eta Palomo. «Ez dago inon ezer», errepikatu dute, «bisualki behintzat. Pilotalekuen izenak gizasemeenak dira, pilota elkarteetan dauden argazkiak ere, ikastetxeetan ez dago ezer». Haritik tiraka hasi ziren, hasieran, Oarsoaldean, «baina informazioa lortu ahala, zerbait lortu orduko beste hainbat ate zabaltzen ziren. Zenbateko handitasuna zuen gaiak konturatzen hasi ginen». Informazioa batez ere prentsaren bidez lortzen ari direla esan dute biek, baina ez bertakoa, kanpokoa, Madrilgoa, Mexikokoa, Kubakoa… Pilotariak euskal herritarrak ziren gehienbat, baina Euskal Herrian ez zuen sona handirik lortu kirol horrek. Raketisten gaia ahanzturan eror ez dadila da Txosteko kideen kezka handiena egun. Izan ere, idatzizko dokumentazioa oso murritza bada ere, raketista izandako emakume gutxi daude bizirik egun. «Gainera, adinekoak dira, hiltzen ari dira. Batzuk kanpoan daude, Euskal Herritik kanpora karrera egin eta bertan gelditu zirelako. Lan asko dago egiteko, eta denbora gutxi dugu, zuzeneko testigantzen gaian behintzat, raketistak hiltzen ari direlako». Zenbaki pisuzkoak 1936ko gerraren ondoren lortu zuten indar gehien raketistek. Zehazki, 1943. urtean, orduan pilota modalitate guztietan (pala, eskua, zesta…) zeuden pilotarietatik (1.432) erdia raketistak ziren (734), hau da, profesional ia gehienak emakumeak ziren. 1943 inguruan ere, esaterako, zazpina raketista frontoi zeuden Bartzelonan nahiz Madrilen; Galizian, Valentzian, Baleareetan, Sevillan, Logroñon, Mexikon, Kuban, Floridan ere bazeuden. Hamarnaka ziren frontoiak. Raketisten loraldia 1940ko hamarkadaren hasieran izatea ez da kasualitatea. Izan ere, gerraostearen zama pairatzen ari ziren Euskal Herriko familia askotan, eta familiak laguntzeko hasi ziren emakume asko pilota profesionalean. Familien beharrei erantzuteko hasi ziren pilotan emakumeak. Raketista gehienek, bizirauteko adinako diru lortzen zuten, familiaren etxera bidaltzen zuten diruaren zatirik handiena. Baina kirolean gaur egun ere gertatu ohi den bezala, izan ziren dirutza irabazi zutenak han eta hemen jokatuz, eta zituzten kontratu nahiz apustuetatik zetorren diruaren eraginez asko irabazitakoak izan ziren asko. Milioika pezeta mugitu ziren, apustuetan batez ere, raketistengatik.Familien diru premiak asetzeko sartu ziren raketista asko profesionaletan
1943an, pilotari profesional guztietatik, erdia raketistak ziren
Hasiera Ildefonso Anabitarte izan zen raketisten sustatzailea, aurreko mendearen hasieran. Pilotaren munduan aski ezaguna zen donostiarra. Donostiako, eta Eibarko batez ere —raketisten mugimenduaren epizentroa bertan egon zen; hiru unibertsitate edo eskola izatera iritsi ziren bertan— emakumeekin hitz egin, eta raketara jokatzera animatu zituen emakumeak. Hasieran teniseko pilotarekin eta horren araberako raketekin, eta ondoren larruzko pilotekin eta raketa indartsuagoekin jokatzen zuten beti binaka (1919tik). Bartzelonan, Madrilen —Fronton Madrid izan zen ezagunena, Primo de Rivera orduko Espainiako gobernuburua izan zen inaugruazioan, esaterako— eta Espainiako Estatuko hainbat tokitan raketisten hamarnaka frontoi ireki ziren emakume kirolari horien loraldian, eta 1922an, adibidez, Kubara jauzia egin zuten, Madrilen zeuden raketista onenak hara eramanaz. Beranduago joan ziren Bartzelonara edo Mexikora. Sona handiko kirolariak izan ziren raketistak hainbat hamarkadatan zehar. Ezagunak, maitatuak, errekonozituak… Laudorio horien gaineko informazioa badute Ainhoa Palomo Zabalak eta Jon Juanes Iragorrik: Mexikon, esaterako, kaletik lasai joateko zailtasunak izaten zituzten, oso ezagunak zirelako, izarrak. Gizarte mailako gertaera garrantzitsuenetara gonbidatzen zituzten, egun kirolari ezagunekin egiten den modura. Raketisten mugimendua ere saritu zuten Mexikon. Baina Euskal Herritik kanpo lortu zuten sona hori. Izan ere, maiz, gertatzen zen familiei lotsa-edo ematen ziela onartzea alaba raketista zela, ezkutatu egiten zuten, «neskame joaten zirela esaten zuten askotan familiek»; ez ziren ausartzen esatera familian emakume kirolari bat zutela. Horregatik dago egun horien gaineko hain dokumentazio gutxi, ezkutatu nahi izan den kirola izan da, isilarazi nahi izan den jarduera. Gainbehera Francoren diktadura bitartean, raketisten mugimendua hiltzen saiatu ziren. Debekatzen saiatu ziren. Baina herritarren protesten ondorioz, bi neurri soilik hartu zituen erregimenak: frontoi berriak ez egin, eta emakume pilotariei lizentziak ez tramitatu. Frankisten eredua zen emakumeek familiarako egin behar zutela lan soilik. Horregatik, eta 1970eko hamarkadatik aurrera batez ere emakumea kirol gehiagotara eta lan gehiagotara zabaldu zelako, edo bestelako arrazoiengatik, gainbeheran erori ziren raketistak, 1980an desagertuz. Handik aurrera, asko etxera bueltatu ziren, eta beste batzuek jokatzen egon ziren tokietan gelditu ziren (Madril, Bartzelona…). Baina 1982ra arte ez zieten emakume kirolari horiei egindako ekarpen profesionala aitortu. Urte hartako urriaren 19ko epaitegien sententzia baten arabera, gizarte segurantzan profesional izan ziren bitartean egindako lana aitortu zieten, hau da, kotizatzeko aukera izan zuten. Horrela, raketistak, gizarte segurantzan kotizatzen izan diren lehen emakume kirolariak izan ziren Espainiako Estatuan. 30.000 pezeta Apustuengatik jasotakoa kontuan hartu gabe, goi mailako raketistek 1960ko hamarkada inguruan hileko 30.000 pezeta kobratzera heldu ziren. Orduko soldata ertainak hileko 3.500-4.500 pezetakoak ziren.«Orain datoz urte askoan egin gabeko elkarrizketak. Lehen apenas egiten zizkiguten»
«Min hartuta ez geundenean, oporrik ere ez genuen izaten»
«Amak ez zidan Mexikora jokatzera bakarrik joaten utzi. Lehengusina bat etorri zen nirekin»
Maria Luisa Senar, Raketista ohi antxotarrak. 2011ko otsailaren 4ko Gipuzkoako Hitza-n esandakoak
Oarso Bidasokoek ere karrera egin zuten raketistetan
Ainhoa Palomo Zabala eta Jon Juanes Iragorri Txost-eko kideek jakinarazi dutenez, Oarso Bidasoan ere izan ziren raketistak, eta horietako batzuk oraindik bizirik daude.
Orain arte lortu duten informazioaren arabera, profesional izandakoak honakoak dira: Matilde Etxenike eta Maria Luisa Senar antxotarrak; Ramonita Gametxo, Mari Carmen Sistiaga eta Natividad Trecet sanjuandarrak; Koldobike Gezala La ratita lezoarra —raketistek ere ezizenak izan ohi zituzten—; Koro Iragorri oiartzuarra, edo Agustina Otaola errenteriarra.
Horiek, bi ikertzaileek lortu duten informazioaren araberako konfirmazioak dira, informazio kontrastatua. Izan ere, egon litezke raketista izandako gehiago, eta horien peskisan ari dira Txost-eko bi kideak, baina esan dutenez, zaila egiten ari zaie oso informazioa lortzea, dokumentazio gutxi dagoelako, eta aldi berean familia askotan zaila egiten ari zaielako gaiari buruz hitz egitea, batzuetan, gaia ezkutuan izan dutelako urte askoz.
Oarsoaldeko raketistek, entrenatzeko Donostiako Gros auzoko pilotaleku bat erabiltzen zuten —bertan ere profesionalen partida batzuk jokatu zituzten— . Bi oiartzuarrek jakin dutenez, Pasaiako hainbat emakume arraun egiten joaten ziren hara entrenatzera. Adar askoko gaia da raketistena. Asko dago ikertzeko. Horretan ari da Txost.
Ahoz ahokoa, informazioa lortzeko bidea
Urte asko pasatu dira inork raketisten gaia landu gabe. Horregatik, bizirik dauden raketista asko minduta daude, «‘orain zatozte niri galderak egitera?’, esaten dute askok», Ainhoa Palomok eta Jon Juanesek esan dutenez, «kosta egiten da haiengara iristea horregatik. Asko, gainera, bidean hil egin dira. Presaka gabiltza».
Ikerketarekin raketisten mugimendua gal ez dadin ari dira lanean Txost-eko kideak, jakin dadila zer izan zen. Bide horretan, ahoz ahokoa funtsezkotzat jo dute, herritarrei eskatu diete, informazioa balute, helbide elektronikora bildatzeko. Ahoz ahoko lan horretan, bereziki eskertu dute Pasaia-Lezo Lizeoko hezkuntza komunitatearen laguntza.