Emakumeei aukerak zabaltzen
Lezoko Udalak eta Garapen Agentziak egitasmo berritzailea abiatu dute
Lan mundutik urrunago dauden emakumeak txertatzeko egitasmo berritzailea abiatu dute Lezoko Udalak eta Oarsoaldea Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kokatu du izena egitasmoak, eta hori bilatzen du hain zuzen ere, denbora luzean langabezian izan diren emakumeak berriz ere lan merkatuan kokatzea.
Aitzindari izan da Lezoko Udala. Orain bi hilabete jarri zuten martxan Lezoko Gizarte Zerbitzuek, Ainhoa Zabalo alkateak eta Oarsoaldeak elkarlanean diseinatutako programa, eta horri esker Lezoko zortzi emakume ari dira une hautean Oarsoaldeko sei lantegitan jardunaldi osoko kontratuekin lanean, sei hilabeterako, hastapen modura. Lanpostu horiek, gainera, neurrira aurkitutakoak dira, hau da, emakume horiek aurretik izan duten lan esperientzia kontuan izan dute.
Kokatu egitasmoaren balorazio baikorra egin du Patxi Arrazola Oarsoaldea Garapen Agentziako Enplegu zuzendariak. «Hausnarketa egin ondoren, erantzunik gabe gelditzen ziren kolektiboiei erantzungo zien egitasmoa sortzea erabaki zuen Lezoko Udalak. Kokatuk emakumeei erantzungo die, eta gainera, hautaketa prozesu batean aukerarik izango ez luketen emakumeak dira hartzaileak».
Enpresak inplikatu
Kokaturen hartzaileen profila definituta, Oarsoaldea eskualdeko enpresak inplikatu zituzten: «Administraziotik bultzatzen diren enplegu planek beti dute hasiera eta amaiera data. Enpresa pribatu batekin, ordea, jarraikortasuna izan dezake. Pertsonak funtzionatzen badu, lana ongi egiten badu, sei hilabeteko epea amaituta jarraitzeko aukera izan dezake, bajak kubritzen dela, jubilazioa izan delako…».
Enplegu planak Lanbidek laguntzen ditu gehienetan diruz, eta kasu batzuetan aldundiak. Plan horiei esker, urtero, Oarsoaldean 100 lagun kontratazen dituztela esan du Arrazolak, sei hilabeterako eta interes sozialeko lanak egiteko: margoketa, lorezaintza… Lanpostu horietan nagusiki gizonak aritzen direla nabarmendu du Oarsoaldeko enplegu zuzendariak. Eta hautaketa prozesuetan, hoberenak hautatzen direla gaineratu du, «emakumeak eta lan mundutik urrunago dauden pertsonak baztertuta uztea zekarren horrek. Kokatu egitasmoak horri erantzuten dio».
Egitasmo berriarekin bat egin eta zortzi emakume horiek kontratatu dituzten enpresek, laguntzak jaso dituzte. Gaur gaurkoz, Alcampo, Limpiezas Galaxia, Limpedur, Eulen, Fan Fan 20 eta Lavanderia Itxaso enpresek egin dute bat Kokaturekin.
«Aukerarik izango ez luketen emakumeak izango dira hartzaileak» «Tutorea formakuntzaz eta balorazioaz arduratzen da» Patxi Arrazola, Oarsoaldeko Enplegu ZuzendariaLanean hasi diren emakumeen jarraipena egiten du astero garapen agentziak, gainera. Emakume bakoitzarekin, lantegiarekin eta enpresak berak aukeratutako tutorearekin biltzen dira: «Tutorea formazioaz, egokitzapenaz eta balorazioaz arduratzen da. Jarraipenaren bidez, berriz, puntualitatea, iniziatiba, edo hobetu beharreko alderdiak, badaude, aztertzen ditugu». Eskualde osoan zabaldu Halako egitasmoak sortzearen garrantzia nabarmendu du Arrazolak, «are gehiago orain. Lanbidek programa eta baliabide asko desagertarazi ditu azken urteetan». Argi du enplegu zuzendariak krisi garaietan baliabide gehiago beharko liratekeela, «baina zoritxarrez ez da horrela». Hamabi urte atzera egin du Arrazolak. Garai hobeagoak ziren haiek, hain zuzen ere. %6ko langabezia tasa zuen orduan Oarsoaldea eskualdeak, eta «baliabide izugarriak» zeudela ekarri du gogora: «Ikastaroetarako diru mordoa zegoen, baita programa berezietarako ere, nahiz eta egoera askoz hobea izan. Administrazioak dirua kudeatzen, eta dagoenean gordetzen jakin beharko luke, ez dagoen momentuan, gaur egun bezala, halako bitartekoak bideratu ahal izateko». Egitasmoa, berritzailea izateaz gain, «positiboa» da sustatu duten alde guztien arabera. Horren erakusle da, gainera, Oarsoaldeko gainontzeko udalek ere bat egin dutela Kokaturekin; aurten dira matxan jartzekoak. «Lehenengo fasean daude dagoeneko Oiartzun, Pasaia eta Errenteriako udalak», azaldu du garapen agentziako ordezkariak. Sei emakume hautatuko dituzte Oiartzunen, beste hainbeste Pasaian, eta 8 eta 16 artean Errenteria-Oreretan. Guztira, 36 emakume txertatuko dituzte lan munduan Oarsoaldeko enpresetan aukera berri bat eman asmoz, lau udalek. Izaskun Moranteren kasua Bi urte eman ditu langabezian Izaskun Morantek. Orain, Kokatugatik, lanean ari da. Joan den abenduan etxera deitu zioten Lezoko Udaletik, lanpostu baterako aukeraketa egiteko. «Nik ez nuen sinistu hasiera batean, ez nuen ilusiorik egin, 20 bat emakume ginela lan zerrenda horretan eta zortzi lanpostu zirela esan zidaten, eta beraz, lanean hasiko zen horietako bat ni ez nintzela izango pentsatu nuen». Aukeratutako emakumeetako bat zela esateko deitu zutenean izugarria izan zela dio, «berri ezin hobea izan zen». Lanean hasiko zela jakinda, gainontzeko emakumeek bezala, hainbat saio egin zituen, banakakoak zein taldekoak. Saio horietan, bakoitzaren egoera pertsonala, segurtasuna, autonomia, eta komunikazio gaitasuna landu zituzten Oarsoaldeko Garapen Agentziako teknikoekin. Emakume bakoitzaren diagnosia egin zuten ondoren, beraien neurrirako lanpostua aurkitzeko. Bi hilabete daramatza lanean, eta oso gustura dagoela dio, pozik. Sei hilabetez, jornada osora lanean ariko da, «bada zerbait» esan du, «hortik aurrera esan digutenaren arabera, lantegia gustura badago gurekin, eta beharra badute, kontratazioa luzatzeko aukera izan dezakegu. Agian ez da ezer finkoa izango, baina bajen ordezkapenak egiteko-edo deitzea dute». Beharrezko egitasmoak Oiartzungo Limpedur enpresan dabil lanean Morante. Garbiketa eta mantenu enpresa da, eta garbiketan ari da ere Morante, «Oiartzungo Makroa garbitzen ari naiz, eta gustura nago oso egiten dudan lanarekin, eta eman didaten aukerarekin». Lantokian oso gustura dagoela esan du, eta lankideak berarekin oso ondo portatzen direla nabarmendu du, «iritsi nintzen egunetik oso jator portatu dira nirekin». Halako egitasmoak beharrezkoak direla argi du, «emakumeei begirako halako egitasmoa izugarri garrantzitsua da, gizonen kasuan baino zailagoa dugulako lanaldi osoko kontratuak lortzea. Normalean ordukakoak izaten ditugu. Oso ondo dagoela iruditzen zait. Izugarrizko aukera iruditzen zait Kokatu emakumeontzat». 2.631 Emakume langabe Iazko azken lauhilekoan 2.631 emakume langabe zeuden Oarsoaldean, Lanbideren datuen arabera. Gizon langabeak, berriz, 2.480 ziren. Gipuzkoan 24.313 ziren emakume langabeak, gizonak baino 2.619 gehiago, epe berean; Euskal Autonomia Erkidegoko datuak antzerakoak ziren: iazko azken lauhilekoan 85.336 emakume zeuden lanik gabe, eta gizonak 80.419 ziren. Oarsotek, hamar urte emakumeekin lanean Urteak daramatza Oarsoaldea Garapen Agentziak pertsonen diagnosi sozio-laboralak egiten, eta horietara egokitzen diren programak sortzen. Oarsotek intsertzio enpresa da horietako bat. Orain hamar urte sortua, hamazazpi emakume ari dira lanean bertan. Denak guraso bakarreko familiako kideak dira. Enpresa publiko-pribatua da Oarsotek. Errenteria-Orereta, Lezo, Pasaia, eta Oiartzungo udalek, Oarsoaldea Garapen agentziak eta enpresa pribatu baten artean sortu zuten. Enpresa pribatu horrek azpikontratatzen duen lana egiten dute zehazki bertan ari diren hamazazpi emakumeek. Egunero bost orduz lan egiten dute. Gehienez hiru urtez lan egiten dute bertan kontratatutako emakumeek. Oarsotek lantegian lanean hasi eta urtebetera aurkitzen dute lana batzuk enpresa pribatuan. Hiru urteak agortzen dituztenak ere badira. Lantegiaren helburua, azken batean, bertatik pasatzen diren emakumeak ohiko lan merkatuan txertatzeko prestatzea da.

