"Burugabekeriatzat" jo dituzte azken erabakiak, eta antxotar asko "babesgabe" daudela salatu dute.
PSE-EEk ez ditu gustuko EH Bilduk Antxoko aparkalekua berrantolatzeko hartutako azken erabakiak. Udal Gobernu Taldea “presaz” ari dela iritzi diote “udal hauteskundeetan zer saldu edukitzeko asmoz”, “pasaitarren beharrei erreparatu gabe eta irtenbide bideragarri eta errealak” plazaratu ezinik.
Egoiliar txartelak banatu berri ditu udalak, eta epe laburrean barrutiko aparkaleku ia guztiak –Luzuriagako 100 plaza eta Hamarretxeta kaleko gutxi batzuk izan ezik– bertakoentzat gordeko dituztela iragarri.
Zalantzak
Azken erabakiek bizilagunen artean hainbat zalantza eragin dituztela salatu du PSE-EEk, eta horietako batzuk zerrendatu. Eskalantegi kaleko Donostia aldeko bizilagunei emango zien trataera ezbaian jarri du PSE-EEk –egoiliar txartela emango zaie–, esaterako, eta gaia “aldebakartasunez erabaki ordez mugen batzordean eztabaidatu” behar zela defendatu dute.
Horrez gain, Antxon bizi ez baina bertan lan egiten dutenei ekarriko dien kalteaz, edota beste udalerriren batean erroldatua egon baina autoaren biñeta Pasaian ordaintzen dutenen kasuak azaleratu dituzte.