
Batel estropada Pasaiako badian
Bateletan ordezkaritza oparoa du eskualdeak, eta kantitatean soilik ez, kalitatean ere igarri da klubek egunerokoan harrobiarekin egiten ari diren lan txukuna. Nesketan, Haurren Mailan, San Juanek eta Hibaikak batel bana dute. Hibaikako neskak hirugarren iritsi dira asteburuko bi estropadetan –Loiolan izan zen batel estropada larunbatean eta igandean San Pedron– eta San Juango txikiak bosgarren Loiolan eta laugarren Pasaian.
Promesen Mailan Hibaikako bi batelek nagusitasun osoa erakutsi dute beste behin. Hibaikako A ontzia izan da azkarrena asteburuko bi estropadetan eta B ontzia bigarrena. San Jaunek eta San Pedrok ere badute ordezkaritza Promesen Mailan; zazpigarrena izan da San Juan bi egunetan, eta San Pedro zortzigarren Loiolan eta hamargarren etxeko estropadan.
Haurren Mailan, Hibaikako A batela bigarren izan da Loiolan, Tolosaldearen atzetik, eta San Pedron, hirugarren, Orio eta Tolosaldearen atzetik. San Juango batela, hamabigarren izan da Loiolan, eta bederatzigarren Badiako estropadan.
Kadetetan, berriz, Trintxerpeko eta San Pedroko mutilak dabiltza eskualdekoen artean indartsuen. llunberen A taldea, laugarren izan zen Loiolan eta bosgarren San Pedroko batela; Pasaian, aldiz, San Pedro bigarrena izan zen Orioren atzetik, eta laugarren Illunbe, Zarautzen ondoren helmugaratuta.
Gazteen Mailan, Hibaikako mutilen batelak irabazi ditu Loiolako eta Pasaiako estropadak; San Juan hirugarren izan da bi egunetan, San Pedro zortzigarren Loiolan eta bederatzigarren Pasaian.
Seniorretan, beltza eta arrosa nagusi
Senior Mailan, Hibaikako neskak dira azkarrenak. Loiolan Hibaikako A eta B ontziko neskak iritsi ziren azkarren helmugara, hurrenez hurren, eta San Juan laugarren izan zen Hernaniren atzetik. Illunbeko nesken ontzia, aldiz, bosgarren izan zen Loiolan. Atzo, berriz, Pasaian, Hibaikako B ontziak irabazi zuen estropada, eta San Juan izan zen bigarren, hirugarren iritsi zen Hibaika Aren atzetik. Illunberen batela, azkena iritsi zen, bosgarren tokian, Hernaniren atzetik.
Mutiletan, aldiz, San Juan ari da eskualdekoen artean indartsuen. Loiolan bigarren izan dira, Orioren atzetik, eta atzo, estropada irabazi zuten. Hiru batel uretaratu zituen San Juanek atzo; A batelak irabazi zuen eta B batela izan zen bigarren; San Juan C ontzia, aldiz, laugarren izan da Donostiarraren atzetik.
[nggallery id=11]