Bakailaoaren arrantzan aritutako pasaitarrei omenaldia egingo diete ostegunean, Zirizan, bizitako esperientziak gogoratu eta aitortzeko.
Emakumeak bakailaoa manipulatzen Pysbe faktorian, 1930 inguruan. Emakumeen eskulana funtsezkoa izan da lehorrean, bakailaoaren prozesatze eta gazitze lanetan.
Pasaiako portuaren historia eta udalerriaren bilakaera bera, XX. mendean bereziki, bakailaoaren arrantzari estu loturik dago. Erabateko eraldaketa eragin zuen Pasaian bakailaoaren arrantzak, batez ere, 1950 eta 1960eko hamarkadetatik aurrera.
Bakailaoaren arrantzan aritutako asko zendu dira jada, baina oraindik ere bizi dira jardun horretan aritutako pasaitar andana. 75 eta 80 urte dituzte gaur egun horietako askok, eta guztiei omenaldia egingo diete datorren ostegunean.
Untzi Museoak, udalak eta aldundiak antolatu dute omenaldia, elkarlanean. Trintxerpeko Zirizan izango da, hain zuzen, garaiko bakailao enpresa garrantzitsua izandakoan, zehazki, pasaitarrek «sareen patioa» izenez ezagutzen duten tokian.
Aitor Buitron Untzi Museoko hezkuntza arduraduna da. Berak azaldu duenez, jardueraren garrantzia ikusirik aspalditik zuten buruan «beren bizia horretan eman dutenei aitortza» egitea. Horregatik antolatu du Untzi Museoak Bakailaoaren arrantza, ur handiak erakusketa, eta arrazoi berarengatik ere omenaldia.
Buitronek aurreratu duenez, ekitaldia «oso gertukoa» izango da, bakailaoaren arrantzan lan egin zutenek bizi izan dituzten esperientziak «gogoratzekoa». Ordu eta erdiko ekitaldia, jendetsua izatea espero da. Izan ere, omenaldia ez diete arrantzaleei mugatu; jarduera horren inguruan lan egindako guztiei agertu nahi diete esker ona: lehortegietan lan egin zuten emakumeei, industria laguntzaileetan aritu zirenei, saregileei… Guztientzat antolatutako omenaldia izango da.
Omendutakoek bizi izan dituzten esperientziak —askotan oso muturrekoak— ekarri nahi dituzte gogora. «Normalean hiruzpalau hilabeterako joaten ziren arrantzara, baina zazpi hilabeteraino ere luzatu zitekeen itsasaldia, harrapaketen arabera», nabarmendu du Buitronek.
Harrapaketak onak zirenean, lanaldiak ikaragarri luzeak izaten ziren, «askok kontatzen dutenez, baita etenik gabeko 72 eta 96 orduko lanaldiak ere, horrek suposatzen zuen guztiarekin». Horri guztiari, klimaren gogortasuna gehituta,—Sole Handia (Britainiar Uharteen mendebaldean) aritzen ziren lehenik, eta ondoren Ternura joaten hasiko ziren asko eta asko— maiz istripuak izatea ez zen harritzekoa: «Hotza, loa; eta askotan, lainoa, ekaitzak, itsas denboraleak…».
Emakumeen papera
Emakumeek ere paper funtsezkoa jokatu zuten garai hartako Pasaian. «Emakumeak industrian bertan lan egin du, eta ez bakarrik bulegoetan, lehortegietan eta biltegietan lan egiten zuten», nabarmendu du Buitronek. Gizonak etxetik kanpo egonik, beraiek hartu behar zuten ekonomiaren antolaketaren ardura. «Emakumeek gauzak erosten zituzten, eta zorretan uzten zituzten, gizona itsasotik itzuli arte. Gizonak itsasotik itzultzean kitatzen zituzten zorrak. Emakumeak ekonomiaren eragile aktiboak izan dira Pasaian». Horregatik omenaldiarekin beraiei ere egin nahi diete aitortza berezia, «beren bizimodua oso gogorra izan zelako».
Pysbeko arrantzaleek erabiltzen zituzten botak erakusketan daude ikusgai
Testigantzak eta bitxiak
Untzi Museoko arduradunak, erakusketa eta omenaldia antolatu bitartean, garaiko testigantzak eta material bilketa egiten ari dira. Lanean aritutako lagun askorekin hitz egin dute, eta testigantza oso baliotsuak biltzeko aukera izan dute, baita material bitxia topatzekoa ere. «Erakusketan, esaterako, Juanito Makazaga arrantzaleak utzitako labanak ikus daitezke, lanerako erabiltzen zituzten lanabesak», zehaztu du Buitronek. Jende askok garaiko lan tresnak etxean gordeta dituela adierazi du, eta nahiz eta materialek 40 edo 50 urte izan, oraindik oso ondo daudela nabarmendu du.
Bitxikeriak ere topatu dituztela kontatu du Untzi Museoko hezkuntza arduradunak, eta errezeta liburuak, edota Pysbek 1936 urtean argitara emandako liburu bat aipatu. «Liburu horren atzeko azala aldatu behar izan zutela kontatu digute askok, bandera nazionala jarri behar izan zutela, aurretik errepublikako bandera zuelako».
Pysbe
Pasaian bakailaoaren arrantzaren sustatzaile nagusia Pysbe enpresa izan zen. 1920ko hamarkadaren bukaeran sortutako enpresak, Donibanen zuen egoitza nagusienetakoa. «Pysbek eragin zuen Pasaia berriz ere era oso aktibo batean bakailaoaren arrantzan parte hartzea», dio Buitronek.
Pysberen itzalpean egitura berri oso bat sortu zen. «Gatza gordetzeko biltegiak, bakailaoa gordetzekoak, moila berriak, itsasontziak konpontzeko ontziolak….». Horrez gain, Pysberen arrakasta ikusita, Pasaiako eta Gipuzkoako beste enpresari batzuk bakailaoarekin lan egitera ausartu zirela dio Buitronek, eta Pysbek nolabaiteko «sustatzaile papera» jokatu zuela gaineratu du.
1950eko hamarkadaren amaieran Sole Handiko kala handiak agortzen hasi, eta han bakailaoa arrantzatzen aritzen ziren ontzi bikote txikiak, Ternura joaten hasiko dira. Buitronek argi du Pysbe izan zela norabide horren eragile nagusia, eta orduan hasi zela Pasaiako loraldia.
Miracruz eta Buenavista bakailaoketari bikotea. 1954ko martxoan, Pasaian. Jose Antonio Lasa Pareja enpresarena zen bikotea, eta 1950ean Ternuako lehen kanpaina egin zuten, 100 tona bakailao hiru astetan doi-doi harrapatuta. Geroago bi ontzien kroskoa 5 metro luzatu, eta 1954an, 340 tona bakailao gazitu deskargatu ahal izan zituzten.
«Pysbek lehen urteetan Ternura eta Islandiara bideratuko ditu ontziak, baita Errusia parera ere, Kanin lurmuturrera», zehaztu du Buitronek. Paraje haietan arrantza ugari zegoela ikusirik, eta etekina handia zenez, jarduerari eustea erabaki zuten.
Loraldiaren hasiera
1936ko Gerrak lehenbizi, eta ondoren, II. Mundu Gerrak, Atlantikoan arrantzatzea ezinezkoa egin zuten, «debekuengatik», Buitronek zehaztu duenez. Baina debeku haiek, arrantzarako onuragarriak izan ziren gerora, zeharkako etenaldi biologikoak, espeziaren ugalketa lagundu zuelako. «Munduko flota askok joko dute gerora Atlantikora arrantzatzera: euskaldunekin batera, frantsesak, portugesak, errusiarrak; beranduago baita korearrak eta japoniarrak ere».
Gizarte eraldaketa sakona
Bakailaoaren arrantzaren loraldiak erabateko eraldaketa ekarri zuen Pasaiara. Untzi Museoko ordezkariak udalerriaren itxiraz ere gogoeta egin du: «Alderdi fisikoa, auzo berrien sorrera, bakailaoaren industriak sortzen duen ondoko industria guztia, sareak, arrandegia bera. Asko aldatu zen herria».
Eraldaketak, ekonomian soilik ez, gizartean ere eragin handia izan zuen. «Garai hartan migrazio oso-oso garrantzitsua sortzen da, batez ere Galiziatik», ohartarazi du Buitronek. Diru asko zegoen orduan, joan-etorri asko, eta Trintxerperi Dolarraren Hiria deitzen zitzaion. «Oraindik 1980 eta 1990ko hamarkadetan ez zen zaila ikustea ontzigileek beraien marinelei —asko galiziarrak ziren— taxia ordaintzen Galiziaraino itzultzeko. Dirua zegoen eta herria bera ikaragarri hazi zen».
Baina gainbehera ere, laster iritsiko zen, eta kolpea ere, latza izan zen, tamainakoa. 1970ko hamarkadaren erditik aurrera, Kanadako, Norvegiako eta Islandiako gobernuak beraien ur mugak hedatzen hasi ziren, eta besteei sarrera oztopatzen. Gainbeheraren hasiera hor kokatzen du Buitronek. Eskumeneko urak 200 miliara arte zabaldu izanak eta gehiegizko arrantzaren lehen zantzuak agertu izanak, harrapaketa kopuruaren eta alturako arrantza ontzi kopuruaren jaitsiera azkarra eragin zuten. Gaur egun, Errusiak eta Norvegiak dituzte bakailao kuota nagusienak, eta euskal flota ia desagerturik dago.
Erakusketa laguntzeko bisita gidatuak
Bakailaoaren arrantza, ur handiak iraupen luzeko erakusketa azaroaren 29ra arte egongo da zabalik, Untzi Museoak Donostiako kaian duen egoitzan, bigarren solairuan.
Untzi Museoan gaiaren gaineko erakusketa bisita daiteke azaroa bitartean
Erakusketak bakailaoaren arrantzaren ikuspegi orokorra eskaintzen du, euskal arrantzaleek XVI. mendetik bere egin duten jardueraren azterketa sakona eginez. Besteak beste, Ternuko eta Ipar Atlantikoko uretan arrantzaleek zuten bizitza gogorra eta arriskutsua azaltzen du erakusketak. Emakumeek izan zuten parte hartze aktiboari ere erreparatu diote, lehorrean bakailaoaren arrantzaren funtzionamendurako ezinbesteko lanak garatu zituztelako.
Erakusketa laguntzeko, museoak bisita gidatuak ere eskainiko ditu, hilean behin. Pasaian zutik dirauen ondarea ezagutzera eman asmoz antolatuko dituzte bisitak.
Erakusketa, astelehenetan izan ezik, egunero bisita daiteke, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:00etara asteartetik larunbatera, eta 11:00etatik 14:00etara igande eta jaiegunetan.