Erakusketa bat antolatuko dute bildutako irudiekin, ingurunearen lehengo eta oraingo ikuspegiak alderatu asmoz

Errenteriako Udaleko Mendi eta Ingurumen departamentua Oiartzun ibaiaren inguruko ekintza plana prestatzen ari da. Plan horren barruan, argazki erakusketa bat egiteko asmoa dute ibaiaren lehengo eta oraingo irudia alderatzeko.
Materiala biltzeko helburuz, udalak laguntza eskatu die partikular eta erakundeei, eta argazkiak bidaltzeko eskatu. Erreka bera ez ezik, inguruko parke, plaza, eraikin eta bestelakoen argazkiak bidal daitezke, Fanderiako presatik hasi eta portuko bokaleraino.
Udalak zehaztu duenez “oroimenean ditugu paisaien eta bizipenen antzinako argazkiak” biltzea da helburua, eta bide batez, baita “gehien gustatzen zaizkigun egungo eremuenak zein itxura txarra ematen dioten elementuenak” ere.
Hautatutako argazkiekin
Oiartzun ibaiaren paisaiak erakusketa antolatuko dute eta bilduma udalaren webgunean jarriko dute ikusgai. Apirilaren 17ra arte jasoko dituzte irudiak, inprimatuta edota euskarri digitaletan, udaleko agiritegian –udaletxeko beheko solairuan– 08:00etatik 14:00etara.
Posta elektronikoz ere bidal daitezke argazkiak.